Julen MURGOITIO
Viva Zapata! Gora!
Sama hartuta daukat egunotan; kostipauaren eraginez, hotzeria edo. Baina ez eragin zuzenez, ez horixe, sama hartuta daukat etxeko oihalezko mukizapi guztiak agortu ondoren kostipauaren azken faseko muki lodiak sudurretik muki atera ordez ahotik gorro ateratzen nabilelako, beherakoz gorako prozesu etengabean. Hortik samarena. Tira, harira! Badakizu zer dute komunean Chiapasek eta Irakek? Bietan zapatak bizirik dirauela! Viva Zapata! Gora! Chiapaseko basoetan Zapata estimatzen dutela gauza jakina zen aspalditik. Baina Irakeko basamortuetan, ostera, orain gutxi hasiak dira zapata estimatzen, itxura batean sikiera, Washingtongo Etxe Zuriko maizterra xaxaka joan zaienetik. Orain arte meskiten atarian uzten zituzten zapatak errezotan zihoazen musulmanek, aurrerantzean hotelen atarian utzi beharko dituzte zapatak prentsaurrekotan doazen kazetariek. Gora Zapata! Behera Galtzerdia! Demontre! Kapitalaren fanatismoaren aurkako arma eraginkor bihurtu berri dute zapata, eta hauxe kolpea! betiko zapata da arma bihurtu dutena! Ez da ez ikerketarik, ez garapenik eta ez berrikuntzarik ere izan aurretik, aparteko eskumenik ere ez. Kordelaren korapiloa askatu, zapata eskuan hartu eta dzast! bota, besterik ez! Hori bai, neurriko punteria behar da, zapata-puntak helburu duen aurpegiaren larrua gozatzeko modua izan dezan. Bestela esanda, zapata jator batentzat inportanteena ez da bere larrua, jo behar duen aurpegiarena baino. 68ko Pariseko karriketan idatzia gogoan: «irudimena agintari!». Horra arma berria. «Aurrera zapatie!» Orain arteko gerrilariak armak eskutan aritu izan dira, aurrerantzekoak, ostera, armak oinetan arituko dira, esku-hutsik. Aurrerantzean ez da esango «zer duzu esku artean?», «zer duzu oin artean?» baino. Bai, armak ulertzeko zutabe berria ezarri dute egunotan, edo, zehatzago, oinarri berria. Tira! azkenean ulertu dut nik, asko kostatuta, zergatik munduko txiroak ortozik bizitzera kondenatuak izan diren, oinetan armak izan ez ditzaten. Beraz, altermundistok badugu, izan ere, apustu berria, munduko txiro guztientzat zapatak orain! janaria bera baino lehenago, seguruenik. Baina apustua betetzeko hainbat funtsezko aldaketa egin behar dira zapatarien etxean, zapatari asko gaurko egoera bere horretan mantentzen duten gobernuburu baitira. Zapatari bai! zapatari askori ez! Zer demontre. Zapatak oinetara!