GARA > Idatzia > > Mundua

Afganistanera 30.000 soldadu gehiago bidaliko dituzte AEBek datorren urtean

Barack Obama presidenteak esan bezala, Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen duten militar kopurua bikoiztuko dute. Armadaren Estatu Nagusiko buruzagi Mike Mullenek atzo iragarri zuenez, 20.000 eta 30.000 soldadu artean bidaliko dituzte datorren urtean.
p027_f01_148x120.jpg

GARA |

Talibanek Afganistango ekialdea eta hegoaldea kontrolpean dutenean, Mike Mullenek, armadaren Estatu Nagusiko buruak, datorren urtean Amerikako Estatu Batuek herrialde arabiarrera 20.000 eta 30.000 soldadu artean bidaliko dituztela iragarri zuen atzo Kabulera egindako bisitaldian. Egun, 31.000 militar estatubatuar daude bertan.

Urtarrilean, Pentagonoak 3.000 bidaliko ditu eta beste 2.800 udaberrian iritsiko dira. Horiez gain, buruzagi militarrek 20.000 soldadu gehiago eskatu zituzten. «Eskaera jaso dugu eta oso argi dut beteko dugula. Hori ez dago eztabaidan. Erabakitzeke dagoena noiz egingo dugun da, epea finkatzea alegia», eman zuen aditzera. «Espero dugu udaberrirako han egotea. Beranduenez, uda hasieran egongo dira», gaineratu zuen.

Soldadu multzo handiena hegoaldera bidaliko dute, Talibanek indar handia duten ingurura. Orain, gehienbat Kanadako, Britainia Handiko eta Holandako soldaduak daude han.

«Borrokaren une gogorrenak hegoaldean bizitzen ari gara. Soldadu gehiago izanda, biolentzia handiagoa izango dela uste dugu. Borroka gogorragoa izango da», ohartarazi zuen.

Duela hamar egun ere, Defentsa idazkariak, Robert Gatesek, militar kopurua nabarmen igoko zutela esan zuen, NATOk Kandaharren duen basera joan zenean. Baliabideak ere indartuko dituztela helarazi zuen. Hainbat egun geroago, egindako adierazpen horiek zehaztu zituen. Soldadu kopurua mugatua izango dela adierazi zuen, herritarrek militarrak «indar okupatzaile gisa» ikus ez ditzaten. AEBen kontrako jarrera zabaltzen ari da, batez ere, zibilen aurka egindako etengabeko aire erasoen ondorioz.

Barack Obama presidenteari dagokio orain epeak ezartzea. Urtarrilaren 20an egingo du karguaren zina. Hauteskunde kanpainan nabarmendu zuenez, Afganistan izango da bere lehentasun militarra eta ez Irak.

Hiru hildako Helmand-en

Azken orduetan, NBEen agindupean dauden hiru soldadu hil dira Helmand probintzian leherketa batean. Nongoak diren azaldu ez duten arren, iturri batzuen arabera, Danimarkakoak ziren. Iragan ostiralean, Holandako soldadu bat hil zen lehergailu bat zapaltzean Urugan probintzian, hegoaldean. Holandak 2010. urtean aterako ditu soldaduak bertatik.

DATUA

Aurten, 4.500 pertsona inguru hil dira indarkeriaren ondorioz. Egoera ekonomikoa larria da. Afganistan munduko herrialde behartsuenetarikoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo