GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Gertatzen dena gertatzen dela, espero ez zen bat sailkatuko da finalerako

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Superprestioa heldu da azken fasera, eta gaur jokatuko dira finalerdietako bi partidak, eta gertatzen dena gertatzen dela, aurretik inork uste ez zuen pilotari bat izango da finalean.

Lehenengo partidan, Etxeberri eta Harizmendi lehiatuko dira. Inork ez zuen uste bietako inor hemen izango zenik, baina hala izango da. Lehengoan Sorhuet menderatu zuen Etxeberrik, eta txapela lortzeko prest dagoela erakutsi zuen. Pilotari handia da, baina oraindik ez du bere mailarik onena erakusterik lortu.

Buruz azkar etsitzen duen horietakoa da, eta markagailuan atzetik jarriz gero, ezin izaten dio horri buelta eman. Harizmendiren kasua berezia da. Ezker paretan aritu da, baina Aspek kontratua berritu ez dionean, EPB enpresak fitxatu du trinketerako, eta bera hemen izango zenik ere ez zuen inork uste. Hasteko Lazkano kanporatu zuen, eta pasa den astelehenean, berriz, Ozafrain menderatu zuen. Hori askoz ere ezuste handiagoa izan zen. Bietako edonork irabaz dezake.

Beste finalerdian Paxkal Ezkurra da faboritoa. Urruñakoak bere eginbeharra egin du orain arte, eta finalaren atarian izango da. Aurkari Panpi Idiart izango du. Honek sekulako ezustea eman zuen Waltari kanporatuta, eta galtzeko ezer ez duela jokatuko du partida. Gaur irabaztea erdiesten duenak datorren igandean finala jokatzeko aukera izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo