GARA > Idatzia > > Kultura

Lau mila eta bostehun lagunek txalotu zuten behin eta berriz Igor Elortza txapelduna

Bilbao Exhibition Centren (BEC) atzo arratsaldean joka-turiko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala bertsozale exijenteena asetzeko modukoa izan zen bertso onen kopuruari dagokionez, baina are ederragoa izan zen bukaerako giroa. Lau mila eta bostehun lagun batu ziren Barakaldoko aretoan eta berotasun bertsuz txalotu zituzten irabazleak -noski, nagusiena txapelduna bera, Igor Elortza- eta «galtzaileak».

p048_f01_358x144.jpg

Joxean AGIRRE

Txapeldunak, Igor Elortzak, bertso bikain asko kantatu zuen atzo BECen jokatu zen Bizkaiko finalean. Epaimahaikoen ustez, «Izarren hautsa» kantaren doinua erabiliz bakarkakoan kantatu zuen hau izan zen ederrena (50 puntu eman zizkioten) eta entzule gehienak ere bat etorri ziren iritzi horrekin. «Auzoan aitona-amonek irekitako denda itxi behar duzu gaur», zuen gaia. «Berrogeita hamar urte badira zabaldu zela ostera/ orduz geroztik hamaika auzoko etorri da erostera/ garbiria zein jatekoa/ bazkal aurreko zein ostekoa/ dana aldatu ete da?/ oin be jendeak hona etorteko eukiko leuke aukera/ baina zergatik ez da etorten, hoixe da nire galdera/ danek diñoe denda atxikiak, dira politak ta egokiak/ baina konprak egitera/ guztiak Max Centerrera», esan zuen lehenengoan eta txundituta utzi gintuen bertsoarekin. «Amama zelan ez euki ez gaur akorduan/ zelan ibiltzen ziren lanean gogoan daukat buruan/ beti umorez, beti barritsu, ni ahalegindu naz euren bardintsu/ erretratua dogu han/ azken eguna aurrera doa segunduan segunduan/ ta auzokoak agertu dira uste ez da deskuiduan/ orain artean saldu ez direnak/ gaur be debaldu dozuez danak/ zabaldu eben orduan/ harek ein eben moduan», esan zuen bigarrenean eta bikaina iruditu zitzaigun alea. Baina lehenagotik hasita zegoen txapeldun berria goitik jotzen.

Zortziko nagusian elkarrekin egokitu ziren Igor Elortza eta Unai Iturriaga, txapelduna eta txapeldunordea alegia, eta beren lehen bertsoalditik erakutsi zuten txapelaren bila etorriak zirela. Mandalunizek jarri zien gaia: «Unai eta Igor sexu bereko bikotea zarie. Hogei urte darozuez elkarregaz. Ospatzen zagozela atzera begira jarri zarie». Unai hasi zen: «Beti hain gozo eta hain modoso, gogorra neu azkenean/ orain hasia garai harretaz niri memoria lanean/ gogoan dozu zure etxean mosu emon gendunean/ zure aita zaharra han mahaian bertan akabatu ez zanean», bota zuen bigarrena Unaik. Igorrek jarraitu zuen: «Arrazoi dozu begitzen eban nahiko aurpegi arraroz/ gizartea be aldatu da-ta gurasoak aondo dagoz/ zure begiak eta nireak gauza batean bat datoz/ urdindu jatzuz uleak baina gaur be ondo guapo zagoz». Oso bertsoaldi bikaina egin zuten neurri honetan Onintza Enbeitak eta Arkaitz Estiballesek ere, bikote edadetu bat osatuz, Arkaitz alzheimer gaitzak jotakoaren paperean.

Zortziko txikian saiorik politenetakoa Paia anaiek egin zuten, nerabe baten gurasoen paperean. Semearen gelako ateari belarria itsatsita harrapatzen du amak senarra. «Etxera heldu eta senarra, mesedez/ geure semearengan hainbeste interes/ barragarri zagoz ta benetan aldrebes/ amari esaten jako baina aitari ez», hasi zen Xabi. «Hamalau urte dekoz ta indarrez beteta/ logela orduetan sartzen da uneka/ ahhh! ahhh! entzuten da eta ez da berriketa/ gimnasia egiten dabil, baina zer ariketa?», erantzun zion senarrak, Fredik, eta tonu horretan jarraitu zuten gaiaren bueltan.

Estiballes eta Iturriaga ere bikain aritu ziren asto zahar batekin Santiago bidea egiten ari zirela. «Compostelara heldu geneukan helburu/ asto zahar hau dala-ta hainbeste apuru/ astoagoak gu geu garenez seguru/ bizkarrean hartuta eramago dugu», hasi zen Estiballes. «Et, et, ni enoa holan Santiagora/ goizero emon deutsat bolloa ahora/ zeugaz deuko aspalditik jaleoa, droga/ igual zu etzun ezkero bera altzauko da», erantzun zion Unaik eta gisa horretan jarraitu zuten jendearen algara artean.

Hamarreko txikian Iratxe Ibarra eta Xabi Payak oso ondo heldu zioten gaiari eta algortarrak antzerkia egiten ere bazekiela frogatu zuen: «Hildako bi zarete. Iratxek ehundaka urte darama zuloan eta gaur Xabi ekarri dute». «Oraintxe itxi nozu ni benetan grogi/ berba zelan eiten dot kontuan erori/ baina zuk be ez daukazu nahiko kategori/ kutxan sartu zaitue harro eta lodi/ baina alferrik da txapel handi hori», kantatu zion Iratxek hirurrenean. «Igual ailegauko naiz inoiz aingerura/ txapela jarri ezkero aureola modura/ baina zeu zertan hemen zagoz hain gustura/ ehunka urtean hemen ez zaitu ardura/ klaro zizareek be ez zaitue gura», erantzuten zion Xabierrek.

Unai eta Onintzak ere ale bikainik bota zuten, bikote paperean hauek ere, haserretuta ohera joan eta Enbeita zurrungaka hasten delarik. «Sarri haserretzekoak gara biok geurez/ nik bai esaten badot, Onintzak diño ez/ lo egin gura badozu eginzu mesedez/ berrehun dezibelio zurrunkak badeukez/ behintzat ez eizu egin bizi ez banitz lez», bota zuen, esaterako, Unaik.

Banakako ariketan, Igor Elortzarenez gainera, bertso bikain asko entzun genuen. Fredirenak biak izan ziren onak, batez ere «baina isiltzen dauenak bai», bukatu zuena. Estiballesek armairu barrutik kantatu zituenak ere ikusgarriak izan ziren (emakumearekin ohean zegoela senarraren gil-tzak entzun zituzten). «Giltzak entzunda hemen hartu nau ni armario barrura/ dirudienez, iritsi zaigu heldu behar ez zen hura/ orain artean izara artean egona nintzen gustura/ izerdi tantak mugitzen ziren hemen larrutik larrura/ mahai gainean farlopa pixkat, gainera Bilboko ura/ ta neska ere ederra dago, ederra dauka itxura/ hiru-lau aldiz nere haziak jo du hemengo helmuga/ eta bost ordu egon behar badut ere ez dit asko ardura», bota zuen lehena eta antzekoa bigarrena.

Igor eta Unai ziren buruz burukora pasatzeko hautagai nagusiak, baina bazen beste izenik bertsozaleen ahotan. Azken saio horretan kartzelakoa izan zen ederrena. Gaia oso irekia izan zuten: «Astelehen goiza da eta irribarrea duzu ezpainetan».

PUNTUAK

Elortzak 909; Iturriagak 891,5; Estiballesek 500, Ibarrak 489,5; Enbeitak 489; Lekuek 487,5; Xabi Payak 486, eta Fredi Paiak 478 puntu atera zitzuten.

Bi adiskide buruz buru
Unaik ideiak ditu eta horietako asko originalak; barnekoia da, gauzei bueltak ematen dizkio. Baina Igor txukunago moldatu zen atzokoan. Astelehen goizeko irribarrea esplikatzeko biek bide beretik jo zuten: bezperan emakume batekin egonak ziren. «Gaur itxartu naz normala baino askoz be lehenago/ egia esan gaur  lotan ordu asko ez dot igaro/ gorputza nekatu arren burmuina joan da harago/ zeozer pasatu danaren seinalea dogu, klaro/ pausuan sentitzen naz zentimetro bat gorago/ kalean danak begira ta begirada arraro/ hori amargau piloa, mundu hontan asko dago/ pentsau gura dozuena, baina enamorauta nago», bota zuen bigarrena Unaik. Igorrek ere antzekoak bota zituen “Izarren hautsa” doinurekin berriro. «Garai batean murgildu nintzen bizikera ilunean» hasi zen eta «ze gauza ederra, ze gauz polita agertzen dan egunean/ geuk esateko bagara lotsa/ baina berotzen jaku bihotza/ zer ondo maitasunean/ behin topatzen dogunean», esan zuen.
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo