Gazteen ahotsa
Azkenaldian denbora dezente igaro dut gazteekin solasean, hamasei urteko ikasleekin, hain zuzen. Egia esan, hasieran izutu samar nengoen, ez nekien zer-nolako jende klasea topatuko nuen-eta. Hainbeste istorio beldurgarri entzuten dira gaur egungo eskola-bizimoduari buruz, gaur egungo nerabe basatiei buruz... Baina esan beharra daukat, zinez, plazer hutsa izan dela. Egia da ez direla behartuta egon, bakoitzak hala hautatuta etorri dela, eta jakina denez, inposiziorik gabe gauzen eta egoeren kolorea asko aldatzen da. Beraz, lasaitasuna eta harmonia nagusi.
Denontzako aberasgarri izandako topaketa hauetan, ikasle bakoitzak 3-4 minutuko hitzaldia prestatu du. Gaia: norberari interesgarria zaion zerbait. Denak entzunda, eztabaidak garatuta, ñabarduraz jositako iritziei arretaz erreparatuta, hainbat ondoriorekin agurtu ahal izan ditut. Batzuk itxaropentsuak, beste batzuk, ordea, gauzak ez direla hainbeste aldatu pentsaraztekoak.
Has gaitezen azken hauen isla direnekin. Mutilek hautaturiko gaiak: ehiza, Paris-Dakar, petrolioaren nondik norakoak, espazioko zulo beltzak, graffitiak, Antartida. Neskenak: Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Gabonen jatorria eta historia, seme-alabak salbatzeko aurrerakuntza genetikoaren edota eutanasiarena zilegitasuna, munduko pobrezia, emakumeekiko diskriminazioa, emakumeekiko indarkeria -birritan-. Hitzaldi bakoitzak eduki duen balioa edo distira alde batera utzita, «interesak» nondik nora doazen argi dagoela uste dut. Batzuen eta besteen sentsibilitatea egun bizi garen jendartearen inguruan, egunero ikusten eta bizi dutenaren aurrean, alegia.
Har dezagun aipaturiko azken gaia, bi neska gazte ezberdinek jorratua. Eta oso bestelakoak, gainera, forma nahiz eduki aldetik. Heldu diezaiogun gai honi, honek eragin baitu benetako eztabaida eta parte-hartze nabarmena. Esan dezadan iritzi eta ikuspuntu ugari entzun ditudala, eta hemen denak sartzen ez bazaizkit ere, horiek guztiak aintzat hartuta nahasketa horretatik geratu zaidan konbentzimendua garbia dela: gazteen ahotsari arreta eta begirune gehiagorekin entzun beharko genioke. Eta laster, gainera. Garbia, zuzena eta hipokrisiarik gabekoa baita. Oraindik.
Adibide gisa, egungo gazteek bikote harremanetan aurreko belaunaldien jokabide-eredu bera jarraitzen dutela ondorioztatzen duen txostenaren inguruko iritziaz galdetuta, erreakzioak gartsuak eta garbiak izan dira, batik bat nesken artean: oraindik ez gaude erabat gizonen maila berean, oraindik diskriminazioa eta indarkeria jasanarazten digute, baina aurreko belaunaldietako emakumeekin alderatuta, pauso bat aurrerago gaude, are gehiago, pauso erabakigarria, guk argi baitaukagu ez daukagula zertan isildu eta men egin, badakigulako ez garela inoren esklabo ezta inolako patu maltzurren objektu ere. Mutilak isilik, buruaz arrazoia emanez.
Halako batean, ozenki egindako hausnarketa bat entzun da gelan: kontua ez da soilik neskek garbi edukitzea, baizik eta zergatik ez duten mutilek ere horrela sentitzen, hau da, honen gakoa non dagoen bilatzea. Erantzun, iritzi, hipotesi eta galdera gehiago. Zinez, plazer hutsa.