GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Joseba Aurkenerena Barandiaran Urruña

Patri Urkizuren alde

Aurreko astean euskal prentsan irakurri ahal izan dugunez, aditu talde bat Joan Perez Lazarragaren liburuari buruzko azterlan bat plazaratzekotan da. Primeran, horrelako lanen beharrean baikaude euskaldunok. Baina harridura handiz irakurri dut Patri Urkizuk Lazarragari buruz kaleratu zuen liburuaren gainean horietako batzuek esan dituztenak. Ilun samarra omen da, inolako baliorik gabea, irakasleek irakurtzean lehen bezala gelditzen direla, hau da, deus ulertu gabe. Eta hor, beraien azterlanarekin egindako puntu guztiak galtzen dituzte, inoren lana ezin baita finkatu aurrekoek egindako lanen deskalifikazioaz. Hori ez da gizalegea, bekaitzarekin lotutako sentimendua baizik.

Patri Urkizuk liburu hori kaleratzean biziki lan polita eta duina egin zuen. Bere itzal-argiak dituela? Izan liteke, baina ziur aski, baita zuek aurki plazaratu behar duzuen lan horrek ere bereak ukanen ditu. Egon zaitezkete ados edo ez, baina horrelakoak esatea gehiegizkoa iruditzen zait. Irakasleok Patriren liburua irakurri eta erabili dugu, eta inolako arazorik gabe. Zuen liburua perfektuagoa dela? Baliteke, baina hori ez duzue zuek esan behar, irakurleok baizik.

Zuen azalpen horietan lintxamendu gogoa igartzen da. Badira gure Euskal Herri honetan beren burua goi-mailakotzat hartzen dutenak, beraiek omen dira euskararen egia eta mirariak ezagutzen dituzten bakarrak. Badirudi euskararen alorra beraien arrantxo partikularra dela, eta aditu horien taldeko ez den baten batek sudurra eta luma arlo horretan sartzen dituenean, haserretu eta oldartu egiten dira. Horixe da, Patrirekin gertatzen ari dena. Urte luze hauetan produkzio handia egin du, horien laguntzarik gabe, eta horixe da barkatzen ez diotena.

Euskarak eta euskal kulturak denon beharra dute. Bidea pittaka-pittaka egiten da. Batzuetan ongi, besteetan okerrago, baina elkarri lagunduz, ez zangotraba jarriz eta, batez ere, denok egindako akatsetatik ikasiz. Horrela eginen dugu aurrera, ez besteen lana mespretxatuz eta deskalifikatuz. Aupa, Patri, ez etsi! Eutsi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo