GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

BANFF Izotz eskalada

Kanadara sartu-irten izoztua

Josune Bereziartuk eta Rikar Otegik, «Killer Pillar» (WI6) eskalatu dute; aurtengo lehen igoera izan da. Horrez gain, zailtasuneko mistoan «Phyllis Pillar bidea» (M11) ere burutu zuten.
p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Josune Bereziartu eta Rikar Otegi Banff-en (Kanada) egon berri dira. Horrela esanda, badirudi turismoa egitera joan zela sokada ezagun hori. Hein handi batean, hori egitea egokitu zaie; izan ere, Bereziartu hain entzutetsua den Banffeko Mendiko Zinemaldiko epaimahaikidea izan da.

Hala ere, filmak ikusi, aztertu eta botoa emateaz gain, Bereziartuk eta Otegik ingurumari hartako marra izoztuak ezagutzeko parada izan dute. Jakina, latitude haietara joan aurretik arrokan eskalatzen izan dira, eta, horren ondorioz, hasteko eta behin, hainbat bide samurretan «berotu» behar izan zuten. Alabaina, jakin bazekiten oporralditxo bat besterik ez zutela, eta oso egun gutxiren buruan zailtasun handiko marretan sartu ziren.

Eskalatzaileok adierazi digutenez, izotzean pare bat bide interesgarri egin zituzten: «Nemesis» (170m, WI6) eta «Killer Pillar» (60m, WI6). Lehen bideari dagokionez, aipatu behar da klasiko handi bat dela, eta 80ko hamarkadan munduko zailenetarikoa zela: «Nahiz eta 6. gradukoa den, eskalatu genuenean errazago zegoen; gutxi gorabehera, 5+ izango zen. Hori bai, hotz handia egin zuen: zero azpitik 12 gradu. Bidearen baldintzak ere ez ziren batere egokiak, izotz jauzia oraindik guztiz egin gabe zegoelako. Goitik ura erortzen zen, eta, bidea oso pikoa denez, ur hori guztia gainera etortzen zitzaigun. Hori bai, di-da batean izozten zen eta komeriak izan genituen: soka erabat gogortu, mosketoiak ezin ireki... Eta arroparen zirrikitu batetik sartzen bazen... bada, pentsa ze ondo pasa genuen. Zailtasun handienak gaindituta, bi luze falta zitzaizkigun, eta horiek 65 metroko luze batean lotu genituen; soilik 12 izotz torloju genituen», adierazi du sokadak.

Aurtengo lehena

«Nemesis» bidean ondo baino hobeto «berotu» ondoren, Bereziartuk eta Otegik sona handiko beste bide bat aukeratu zuten: «Killer Pillar». Aurrekoarekin alderatuta, «Killer Pillar» askoz ere motzagoa da (60 metro) eta gainera mistoko M9 batetik (Thriller) hasten da. Izotzean duen zailtasun teknikoaz gain, WI6, bide honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat oso gutxitan burutu dutela da; historian hiru alditan besterik ez. Eta zortea ala ez, eskalatzaile gipuzkoar hauek aurtengo lehen igoera sinatu dute: «Bide hau oso ikusgarria da. Lehen zatia zailtasuneko mistokoa da (M9). Guk dry tooling-a apenas egin dugun, eta begira non sartu ginen. Zati hori igaro ondoren, zintzilik dagoen zutabe batera pasa behar duzu. Nahiko beldurgarria iruditu zitzaigun, alabaina, izotza zen eta guk eskalatu bezala utzi genuen. Toki benetan liluragarrian dago, Stanley glaziarraren ondoan; basatia bezain ederra».

Izotzarekin gutxi ez, eta misto gogorrari «kilimak» egiteko prest egon ziren. Aitortu behar da sokada honek zailtasuneko mistoan oso eskarmentu gutxi duela, baina, kirol eskaladako espezialista askori gertatzen zaien legez, Bereziartu eta Otegi ere bikain egokitu dira dry toolingera. Besteak beste, M11 graduko bide bat egin zuten, eta modalitate honetan hasiberriak izateko kontuan hartzekoa da: «Bi eguneko saioen ondoren, «Phyllis Pillar» bidea (M11) egin genuen. Kobazulo baten sabaia zeharkatzen du osorik. 15 metroko bide horrek 12 parabolt ditu. Yaniro piloa egin behar izan genituen, eta guztiz erresistentziazkoa da. Guk, bederen, ondo pasa geunen, nahiko dibertigarria izan zen. Dry tooling-eko bide hauetan, arrokan katu-oinekin egiten dugun eskaladarekin alderatuta, bestelako sentsazioak barneratzen dituzu, besteak beste, espezialitate hau oso-oso fisikoa delako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo