GARA > Idatzia > > Kultura

Bilboko itsas museora ehunka Playmobil heldu dira zibilizazio desberdinetako ontzietan

Ondo dator Historiari noizbehinka begiratu bat ematea, baina etxeko txikiei mendez mende existitu diren itsasontzien berri eman nahi izanez gero, pizgarriren bat beharrezkoa da. Horregatik, Playmobilen click jostailuak erreminta paregabea bihurtu dira Bilboko Itsas Museoan.

p050_f02_141x108.jpg

Ianire RENOBALES

Playmobil itsasontziak» izena duen erakusketak jostailu hauek erabiltzen ditu historian izan diren ontzien berri emateko. Luis Fernandez da bilduma paregabe honen jabea eta urteetan zehar gordetako jostailuzko irudiak museo batean erakustea erabaki du azkenean. Guztira, ehun itsasontzi eta mila eta bostehun panpina baino gehiago dira. Erakusketa abenduaren 6an ireki zen eta 2009ko otsailaren 28ra arte egongo da zabalik Bilboko Itsasadarra itsas museoan.

Aste honetan bertan lau mila bisitari baino gehiago izan du bilduma erakargarri honek. Jostailuek betetzen dituzten beira-arasak ikusteaz gain, bisitari txikiek badute beste misio bat: lekuz kanpo dauden irudiak topatzea. Mamua, Wally, polizia, astronauta... xehetasunez bilatu behar dituzte dekoratuetan. Horrela, erakusketa begi zorrotzez aztertzeaz gain, playmobil joko baten zozketan parte hartzen dute. Horretaz gain, aretoa girotzeko eta apaintzeko marrazkiak egiteko aukera dute. Horiek nahikoa amu izan ez, eta «Playmobil itsasontziak» erakusketarako sarrera-txartelarekin, museoaren ondoan amarratutako «Talassa» itsasontzira igo eta ikusteko aukera ere eskaintzen dute.

Itsasontzien bilakabidea

Playmobilen click jostailuak erabiliz, sei diorama daude ikusgai museoan. Hala, erakutsitako kulturek itsasoarekin izandako harremana era jostagarrian azaltzen da.

Lehenengo beira-arasan, mundu klasikoa irudikatzen da. Bibliako pasarte batzuk eraiki dituzte; besteak beste, Moises-ena edo Noeren arkarena. Antzina zibilizazio eta kultura desberdinen bilgune izan zen Mediterraneo itsasoa eta ur horietan merkataritzak gora egin zuen. Egiptoarrak Nilo ibaiari esker garatu ziren eta, horren lekuko, jostailuzko piramideen inguruko bizimodua itxuratu dute erakusketan. Erromatarren zibilizazioa ere ikusgai dago, zirkuak eta guzti. Zerabiltzaten ontziei dagokienez, gerra-ontziak daude erakusketan, batez ere, galerak. Ontzi horiek esklaboak ordezkatzen dituzten click txikiz bete dituzte. Bikingoak Europako iparraldeko herri bat ziren, VI. eta XII. mendeen artean, eta itsaso zabalean nabigatzeko eta Europako kostaldean erasora jotzeko ontzi egokiak sortu zituzten. Erakusketan horien ontzi mota bi ikus daitezke: ur txikietan nabigatzeko drakkar ontziak eta merkantzien garraiorako Knörr ontziak. Bikingoen kultura irudikatu dute, bikingoz mozorrotutako click eta herrixka eta guzti. Horiez gain, beste talde batzuk ere ageri dira, esate baterako, piratak. Horien urrezko aroa XV. eta XVI. mendeen artean izan zen, batez ere, Karibeko uretan. Ezusteko erasoak egiteko eta iheserako ontziak garatu zituzten. Erakusketan elkarren artean borrokan ari den eszena girotu dute, eta ez dira falta noski, itsasora jauzi egin behar duen neskatxa, ezta tiburoiak ere. Colon Amerikara joan ondoren, Europatik jende askok nabigatu zuen bertaraino urrearen sukarrak bultzatuta. Han, besteak beste, Iparramerikako indioak zeuden, tribu ibiltariak, arrantzaz, ehizaz, fruituen bilketaz eta nekazaritzaz bizi zirenak. Kanoak erabiltzen zituzten batik bat, eta horiek eraikitzeko zuhaitzen azala eta animalien larrua erabiltzen zituztela azaltzen da museoan eta dekoratuan dendak muntatu dituzte. Inuitak, eskimal izenez ere ezagunak, Amerikako artikoan, Groenlandian eta Siberian bizi dira. Horrela, dekoratuak txoko zuri txiki batean hartzen du kultura hau. Bertan, playmobil eskimalak arrantzan ageri dira. Kayak ontziak erabiltzen dituzte ehizarako, arrantzarako eta bidaietarako. Egurrezko egitura prestatu ostean, itsas txakurren larruarekin estaltzen zituzten. Egun, beira zuntza darabilte. Gaur egungo portuei ere eskaini diete tarte bat. Bilboko kaia irudikatuz, garabiak, biltegiak, merkantzia ontziak nahiz bidaiari ontziak daude beste beirate batean. Gainera, Itsas Museoaren beraren erreplika ipini dute, salbamenduzko gune bat, Aquariuma eta kirol-portua. Bizkaiko itsas hondoa ere irudikatu dute eta plastikoz eratutako itsas-fauna topa daiteke. Amaitzeko, besteetatik bananduta dagoen arasa txiki berezi batean Athleticen gabarra muntatu dute zuri-gorriak Portugaleteko zubi-esekia zeharkatzen ari direla.

Gazteak nahiz helduak, click panpinak gustuko dituztenentzako eta ezagutzen ez dituztenentzako, erakusketa berezia da Bilboko Itsasadarra itsas museoak proposatutakoa, besoak eta hankak higitzen dituzten irudi hauen eskutik bestelako zibilizazioak ezagutzeko modu jostagarri bat.

 

Fitxa

Erakusketa: «Playmobil ontziak».

Non: Bilboko Itsasadarra itsas museoan.

Ordutegia: asteartetik ostiralera: 10.00-18.30. Asteburuak eta jaiegunak: 10.00-20.00.

Noiz: 2009ko otsailaren 28ra arte.

Prezioa: 3 eta 5 euro inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo