GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Euskal Herriko finala

Aimar Irigoienek txapela eta marka bereganatu ditu

Errezildarrak sekulako erakustaldia egin zuen, eta beste guztien gainetik agertu zen. Joseba Ostolatzak 200 kilokoarekin bakarrik eutsi zion.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek erraztasun osoarekin irabazi zuen atzo Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa, eta hori gutxi ez eta, iaz berak ezarritako marka ere aise ondu zuen.

Errezildarra une honetan besteen gainetik dago, eta atzo irabaztea normaltzat jo behar da, ez irabaztea izango zen arraroa. Hala ere, ikusgarria izan zen atzo berak egin zuen lana, eta hori guztia egiteko duen erraztasuna ikusita, ahoa zabalik geratzeko modukoa da.

Final hau ikusteko jakin-minez zen jende ugari hartu zuen Izarraitz pilotalekuak. Kirolari bakoitzak lau harri erabili zituen, eta bakoitzarekin hiruna minutu izan zituzten lanerako.

Hasteko, 200 kiloko errektangularra erabili zuten. Ondoren 175 kiloko zilindroa. Gero, 150eko kubikoa, eta azkenik 125eko bola. Finalak emoziorik izan baldin bazuen, lehenengo harriarekin izan zuen. 200ekoa zortzina aldiz jaso zuten Irigoienek eta Ostolatzak, eta hortxe egon zen finaleko emozio bakarra. Urpek eta Lertxundik ere berdindu egin zuten, eta hiruna jasoaldi eman zizkioten errektangularrari.

Beraz, iragarpenak bete ziren lehen lanean. Alde batetik Irigoien eta Ostolatza lehen posturako, eta Urpe eta Lertxundi azkenekorako. Emozio hori, ordea, hortxe amaitu zen. Bigarrengoan, 175ko zilindroa erabili zuten, eta Aimarrek sekulako erakustaldia eman zuen, 18 aldiz jasoz. 10 aldiz berdindu zuen Ostolatzak, eta lehiaketa erabakita geratu zen. Urpek, sei aldiz berdindu zuen harria, eta bost aldiz, Lertxundik.

Bikain

150 kiloko kubikoa zen hirugarren erabili behar zuten harria, eta errezildarrak lana erruz eginez jarraitu zuen, eta 16 jasoaldi eman zizkion. Ostolatzak 13 eman zizkion, zazpi Urpek, eta bost Lertxundik.

125eko bola geratzen zen finala amaitzeko, baina sailkapena erabakita zegoen. Erabakitzeko geratzen zen gauza bakarra, Irigoienek marka hautsiko zuen edo ez jakitea zen, baina horrela izango zen itxura guztia zeukan, eta horrelaxe izan zen, txapeldunak berriro ere lan bikaina egin baitzuen: 20 jasoaldi eman zizkion. 17 aldiz jaso zuen Ostolatzak, eta hamabina aldiz Urpek eta Lertxundik.

Aimarrek, beraz, txapela eta marka lortu zituen, eta azken arrazoi horregatik garaipena lortzeak ematen zion sariaz gain, Azpeitiko Udalak jarritako 2.000 euroak ere etxeratu zituen. Aurreko marka 9.475 kilotan zeukan.

Errezildarrak urte gogoangarria egin du

Aimar Irigoienek urte gogoangarria egin du, eta atzo egindako lanarekin amaiera ezin hobea emango dio urteari. Jokatu dituen hiru txapelketa ofizialak bereganatu ditu. Gipuzkoako Txapelketa eta Euskal Herriko biak, harri txikiena eta handiena, alegia.

Hala ere, errezildarrak irailean jokatu zuen apustuan zeukan burua jarrita, Izetaren aurkako lehia horretan alegia, eta hura ere irabazi egin zuen, sekulako maila emanez. Zoritxarrez, urteko kirolaririk onenen arteko zerrenda gutxitan agertuko da, baina hor egon beharko luke, urte honetan Gipuzkoak eta Euskal Herriak izan duen onenetakoa izan baita. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo