GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Amnistiaren aldeko mugimenduak presoen aldeko ehunka ekimen iragarri ditu egunotarako

GARA |

Gabonak gain-gainean daudela-eta, euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko ehunka ekimen izango direla iragarri du amnistiaren aldeko mugimenduak, Euskal Herrian han-hemenka egingo direnak.

Urtero legez, ekintza anitz eta era askotakoak egingo dira, besteak beste, manifestazioak, brindisak, Olentzeroak, enkarteladak eta espe- txeetara martxak.

Salaketak ere izango du tartea, beraz, ospakizun hauetan eta, modu honetan, gaixorik dauden presoen eta kondena betea dutenen askatasuna aldarrikatzeko ekitaldi andana izango da. Helburu nagusia biziarteko zigorren aurkako mezua zabaltzea izango da.

Hiri, herri eta auzoetan prestatutako egitarauetan, egun eta zita batzuk asko eta asko errepikatzen dira, abenduaren 24an eta 31n egingo baitira halako ekintzarik gehienak. Horien artean, Olentzeroren kalejirak edota presoen aldeko brindisak nabarmentzen dira.

Urtarrilak 3

Deialdi hauek, arestian aipatu bezala, herri mailan antolatutakoak dira baina, bada beste bat euskal herritar guztiei zuzendurikoa, Euskal Herri osorako dei bat, urte berriarekin helduko dena: urtarrilaren 3an Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio isila, Etxeratek antolatutakoa eta euskal preso politikoei ezarritako biziarteko zigorrak salatzeko helburua izango duena. Bestalde, badira herritik irten eta presoak eurak dauden lekura arte elkartasuna eramateko antolatutako ekintzak. Izan ere, hainbat martxa egingo dira espetxeetara. Esate baterako, Donostia, Hernani eta Lezotik Martutenerako martxa egingo dute urte honetako azken egunean.

Getaria, Zarautz, Azpeitia eta Zumaiatik ordea, Arabako presondegira egingo dute irteera, Langraizera, hil honen 28an. Egun horretan, gainera, Mamarigatik (Santurtzi) ere iragarri dituzte espetxeetarako martxak. Beste leku askotan, Gabonen ohiturari lotuagoak diren ekintzak iragarri dituzte. Abadiñon, esate baterako, gaztaina erreak banatuko dituzte; eta beste hainbat tokitan kantaldiak egingo dituzte kalez kale, baita tokian tokiko presoen etxeetara hurbilduz ere.

Herrialde Katalanak

Euskal Herriko mugetatik kanpo ere, preso politikoen aldeko mobilizazioak izango direla jakinarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak. Herrialde Katalanetan egingo dira, Rescat erakundeak deituta. Amnistiaren aldeko mugimenduaren oharrak dioenez, mobilizazio hauen helburua «preso politiko katalanei beraien berotasuna helaraztea» izango da, ospakizun hauek etxean igarotzerik ez dutenen espetxealdia pixka bat goxatzeko.

Atzo, presoen alde 50 lagun bildu ziren Altsasun, eta larunbatean, 35 Hondarribian. Ostiralean, 80 pertsona elkartu ziren Barañainen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo