GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Superliga

Merezitakoa baino astindu handiagoa hartu du Realak

Gipuzkoarrek egun txarra izan zuten, ez zuten bere mailarik onena eman, baina zelaian ikusitakoaren arabera, hiru goleako aldea handiegia izan zen.

p034_f01.jpg

L'ESTARTIT 3

REAL SOCIEDAD 0

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Realak galdu egin zuen atzo Gironan L'Estartit taldearen aurka. Atzokoa ez zen izan gipuzkoarren egunik onena, eta amaieran Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskek nahiko burumakur amaitu zuten.

Partida nahiko estua zihoan lehen zatian, baina gakoa estreinako bi goletan egon zen. Etxekoek bi minututan bi gol egin zituzten, eta hortxe erabaki zen norgehiagoka. Kataluniarrek partida nahi zuten lekuan zuten, eta hortik atzera ederki jarri ziren zelaian.

Baloiaren jabetza

Bi gol atzetik, eta aurrera jo behar izan zuten zuri-urdinek, eta beraiena izan zen bigarren zatian baloiaren jabetza. Ahalegindu ziren, baina min gutxi egin zuten.

Kornerretan izan zituzten aukerarik gehien, baina kataluniarrak ederki itxi ziren atzean, eta horrek ez zien utzi euskaldunei ezer egiten.

Etxekoak, aldiz, itxaroten jarri ziren. Bazekiten aukeraren bat helduko zela kontraerasoren batean, eta azkenean heldu zen Gironakoen hirugarren gola, neurketako hondarrean, eta dena erabakita geratu zen. Orain Liga eten egingo da, baina gipuzkoarrak lanean jarraitu beharko dute, torneo bat eta lagunarteko partida bat izango baitituzte Gabonetan. Lehiaketa ofiziala urtarrilaren 4an itzuliko da, eta ez dute neurketa samurra izango, Levante hartuko baitute, Zubietan. Partida zaila izango da, eta garbi dago haiei irabazteko atzo erakutsitako jokoa hobetu beharko dutela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo