Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea
«Kultura irekia» manifestua?
PSE-EEk «Kultura irekia» manifestua aurkeztu du. Lopezek dio «euskara eta gaztelania bultzatu behar direla» Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta «biak elkarrekin bizi daitezen bermatu». Politika horren azpian tranpa handia dago. Bi kultura eta hizkuntza kontaktuan daudenean indartsuak ahula baztertu, eta haren tokia hartuz desagerrarazteko joera baitu. Manifestu horrek pertsonen, hizkuntzen eta kulturen arteko berdintasunaren printzipio unibertsala urratzen du. Madrilen espainol hutsean bizitzea ona baldin bada, zergatik ez da ona, baldintza berdinetan, euskaraz bizitzea Euskal Herrian?
Politika horren helburua Espainiako hizkuntza eta kultura euren mugaz harago nagusi bihurtzea da, baina horrek euskal kultura eta euskararen normalizazioa mehatxupean jartzen ditu, dagokien lurraldean osasun betean bizi daitezen eragozten baitu. Hori da, azken 30 urteotan frogatu den bezala, euskara eta euskal kultura bultzatzea normalizazioak eskatzen dituen gutxienekoen azpitik. Hori ez da normaltzea, menderatzea baizik.
Manifestua aurkezteko ekitaldian Lopezek Mikel Laboa zendu berria goraipatu zuen. Bitxia, bateraezinak baitirudite PSOEren politikak eta Mikel Laboaren mezuek: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, bertzetik bereiztean bitarik bakoitza, izaite horrendako segurra hilotza»... «Inon ez inor menpekorikan, nor bere buruaren jabe, herri guztiok bat eginikan ez gabiltz gerorik gabe. Batek goserik diraueno ez gara gu asetuko, beste bat inon loturik deino ez gara libre izango».
Mikel Laboak, euskara, kultura eta identitatea banaezinak diren mezua zabaldu digu; Euskal Herriaren etorkizun burujabearena; munduko pertsonen, kulturen, hizkuntzen, herrien arteko elkartasunarena; erabat librea; bere txoria bezala. Tradizioa eta modernismoa, iragana eta etorkizuna lotu zituen. Garenak izatera irits gaitezen: euskaldunak eta libreak. Euskaldun izatea eta irekia izatea PSE-EEk sinetsarazi nahi diguna baino ohikoagoa dela erakutsi digu.
Globalizazioaren garai honetan, munduko kultur eta hizkuntzen bizikidetza ziurtatzeko modurik onena da hizkuntzen osotasuna -eta datxezkien kulturaren nagusitasuna eta herriaren burujabetasuna- errespetatzea beren lurraldeetan. Horretarako, ordea, Espainia eta Frantziaren betorik gabeko orube demokratikoa sortu behar dugu euskararentzat, hizkuntz eta kultur eredua erabakitzeko autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena.
Euskal Herriak bizirik iraungo baldin badu, gaurdanik, herritar eleaniztunen eta kultur askotariko Euskal Herri euskalduna eraikitzen hasi behar dugu, jarrera integratzailea erabiliz. Euskal Herrian bizi nahi dugun zapaldu guztiok -munduko desplazatu sozialak (espainiar, frantses, ekuadortar, magrebtar, senegaldar...) eta Euskal Herriko desplazatu nazionalak (geure etxean arrotz garen euskal herritarrok)- elkartu, eta denon artean eraiki dezagun Euskal Herri euskalduna, sozialista eta burujabea.