Gabonetako erosketetan nabari da krisiaren eragin psikologikoa, baina eragin erreala ere bai
Gabonetako erosketak duela hilabete eginda, GARAk frogatu du aurten, ohi ez bezala, produktu tipikoen prezioek ez dutela gora egin, zenbait arrain motarenak eta itsaskienak izan ezik. Beraz, aurten erosketa goiztiarrak produktu garestiotan eman dio erosleari euro batzuk aurrezteko aukera. Ez da analisi sakonegirik behar prezioei euste horren gainean krisi ekonomikoaren itzala nabaritzeko. Saltzaileek badakite krisiaren eragin psikologikoaren berri, horregatik heldu behar diete erosleak erakartzeko estrategiei. Aurten uzkur ikusi dituzte bezeroak, eta ez da harritzekoa, baina ez eragin psikologikoaren ondorioz bakarrik, eragin erreala ere nabari da-eta. Izan ere, krisiak gogorren kolpatzen dituenak ez dira finantzetako exekutiboak edo enplegu erregulazioko espedienteak aurkeztu dituzten enpresaburuak, espediente horien ondorio zuzenak jasaten dituzten langileak baizik. Dagoeneko asko dira nahi duten guztia, are behar duten guztia ere, erosi ezin dutenak, baina beste askok badakite beharbada luze gabe egoera horretan izateko arrisku erreala dutela. Gizarte hau neurririk gabe kontsumitzera iritsi da, baina batzuek ez dute kontsumoa murrizteko aukera, beharra baizik.