Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria
Teknologia eta kontsumismoa
Alizia Stürtze historialariaren hitzaldi batean izan nintzen abenduaren 10ean, Koldo Mitxelena kulturunean. «Kontsumismoa» zen hitzaldiaren izenburua eta izenburu horren pean, egun bizi dugun sistema neoliberalaren gakoei heldu zien. Ulertzera eman nahi digutela, kontsumoa dela, edota izan behar duela, sistema ekonomikoaren motorra. Eta beraz, ez garela langileak, kontsumistak baizik. Jendarte-klaseen inguruan dugun pertzepzioa ere aldatu digutela. Beharrezkoa izan da erdi-mailako jendarte-klasea sortzea. Eta denok kokatzen gara hor. Eta hor denok dugu oporretarako eskubidea. Eta zenbat eta urrutiago joan, hobe. Eta hor denok dugu eskuko telefonoa. Eta hor, askatasunaren eta autonomiaren izenean saltzen digutena, sistemak gu, pertsona gisa, gero eta gehiago kontrolatzeko erabiltzen du.
Teknologiaren gaiari helduta, kontsumismoaren gorena, teknologien garapenaren azkartzearekin etorri dela ere baiezta daiteke. Zerbait zaharkitua gelditzearen sentsazioa areagotu bada, hori teknologiak jendarteratzearekin izan da. Azken teknologia eskuratzearen beharraz edota plazeraz hitz egiten ziguten eta digute, etengabe. Eskuko telefonoa urtean behin aldatzeaz. Orain MP3az eta segituan MP4az. Kamera digital gero eta txikiago baina gero eta ahaltsuagoez. Garapenaren azkartasunari ezin eutsian ibiliko bagina bezala sentiarazten gaituzte. Beti atzetik, baina beti kontsumitzen, erritmoa gehiegi galdu gabe. Etengabeko zurrunbilo kontsumista da teknologiena ere. Teknologiena batez ere, esango nuke. Eta Gabonak gure artean ditugun garaiotan, aurten ere, maitasun eta estimu gutunak izan beharrean, opari asko eta asko gailu elektronikoak izango dira.
«Berria dena, berria izate hutsagatik, zaharra baino hobea dela sinestarazten digute», dio Pablo Sastrek «Gauzen Presentzia» liburuan. Eta kalitate terminoetan, gero eta produktu eskasagoak ekoizten diren garaiotan, «zerbait erostearen plazeraz» hitz egin zuen Aliziak. Zerbait berria eskuratzeak sortzen duen gozamenaz. Eta zerbait berria erosteak sentsazio positiboa sorraraztea bilatzen duela sistemak. Eta behin sentsazioa sortuta, pertsona, pertsona baino gehiago, kontsumista dela jada. Kontsumista kapitalista, gainera.
Kontsumoaren ekonomia horretan, oinarrian eta aplikazioan kokatzen da teknologia.
Teknologien bitartez, produktuen ekoizpena azkartu egin da. Baina azkartzeak ez du kalitatea bere baitan biltzen. Kontsumismoaren gurpila mantentzeko, ezinbestekoa da produktuek, izan teknologikoak edo ez, iraungitze-data ez oso urruna izatea. «Lau urte? Hori zaharra da!» bezalako esaldiak esaten dizkigutela gogorarazi zigun Aliziak. Teknologiak, beraz, ekoizpen-prozesuak aldatuz, kontsumismoa jendartearen funtzionatzeko modu bilakatzeko tresna eraginkorrak izan dira.
Bestalde, kontsumismoa produktu teknologikoei erabat lotuta dagoen jarrera da. Jarrera baita. Sistemak «patologia» kontzeptuaren nahitako erabilera egiten duela azaldu zuen Aliziak. Alegia, sistemak kontsumitzea normala dela sinestarazten digu. Are gehiago, ona dela, osasuntsua. Baina egungo sistemaren defendatzaileek «gehiegizko kontsumoa» ere definitzen dute, eta hori da «kontsumo patologiko»tzat jotzen dutena. Modu honetan, barruraino sartuko digute kontsumitzea ekintza arrunta, ohikoa eta sanoa dela. Arrunta ez dena eta okertzat jo daitekeen kontsumoa patologikoa delako. Eta, noski, «kontsumo patologikoa» kontzeptua muturreko kasuetan soilik aplikatzen dute. Gainontzeko guztiak kontsumista normalak gara. Sistemak behar dituen kontsumistak, sistema bera bere horretan mantentzeko.
Hori horrela, teknologien kontsumoari ere neurria hartu behar zaio. Kontsumitu eta erabiltzearen arteko ezberdintasunetan pentsatzea izan daiteke gure jarrera pertsonala aztertzeko abiapuntua edo lehen galdera. Teknologiak tresnatzat hartu behar ditugu. Abiadura handiko garapena duen sektorea da, baina guk gure erabileraren beharren erritmoari eutsi behar diogu.
Lehen esan dudanari eutsiz, eta Gabonetan oparirik egitekotan, gailu elektroniko bat oparitu beharrean, maitasun gutun batek, ziur aski, opariaren igorlea zein hartzailea, une batez bada ere, sistema kontsumistaren atzaparretatik askatuko lituzke.
Teknologiez harago, kontsumismoak ezin du sistema ekonomiko iraunkor eta jasangarri baten motorra izan. Eta jarrera hori, izaera kontsumista horren barneratze hori, kontrolatzea ezinbestekoa da, beste sistema ekonomiko bidezkoago batean sinesten badugu. Ez gaitezen izan txotxongilo.
Bukatzeko, proposamen bat zuen aisialdiko 20 minutu kontsumitzeko. Bada Interneten kontsumismoaren ekonomia modu sinple eta errazean azaltzen duen bideo bat. «Gauzen historia» da izenburua. Jatorrizko bertsioa ingelesez dago, www.storyofstuff.com webgunean. Frantsesez edo espainolez ikusteko, www.storyofstuff.com/international/ . Euskarazko Firefox nabigatzailearekin ikustearekin konformatu beharko (http://librezale.org/mozilla/firefox/).