Elite mailako taldeetatik kanpo ere, jokatu eta gozatu daiteke futbolean
Futbolari izan nahi duten askoren ametsa da elite mailako talderen baten harrobira heltzea. Arazoa, ordea, behin horra iritsi, eta hasierako helburua betetzen ez denean hasten da. Batzuek normaltasunez onartzen duten bitartean, askorentzat jasangaitza izaten da kolpea.
Jon LEUNDA
Ume askoren ametsa da handia egindakoan futbolaria izatea. Horietako gutxi izaten dira, ordea, elite mailako taldeen harrobietara heltzen direnak, eta horietatik bakan batzuk besterik ez dira izaten lehen taldera iristen direnak.
Orduan hasten dira komeriak. Betiko ametsak zapuztutakoan batzuek une gogorrak pasatzen dituzte. Azkenaldian, gainera, talde handien harrobietan ibili baina aurrera jarraitzeko aukerarik ez duten askoren joera futbola uztekoa da. Egoera hori atezainen kasuan areagotu egiten da. Beraientzat bestelako jokalari batentzat baino zailagoa da, azken batean, bakarrak jokatzen baitu postu horretan. GARAk talde handien harrobietan ibilitako atezain batzuekin hitz egin nahi izan du, halako egoera bat eurek nola bizi izan zuten jakiteko, eta orain zer egiten duten jakiteko ere bai, noski.
Batzuek ez dute inoiz lortzen goi mailako talde horien arreta piztea, beste batzuek, ordea, askoren interesa pizten dute. Horietako bat da Mikel Saizar. Ibarrako atezaina Athleticeko eta Realeko harrobietan ibili da. «15 urterekin eraman ninduen Athleticek, eta 17ra bitarte egon nintzen. Gero, baja eman zidaten», azaldu du Mikelek. Kolpe horrek ez zion eraginik egin, aurrera egin baitzuen, eta Tolosan jarraitu zuen, gazte mailako taldean. Han urte bat egin, eta Real Unionek eraman zuen. Hasieran, bigarren taldean jokatzeko joan zen, baina lehenengoarekin batera lehiatzen amaitu zuen denboraldia. Horren ondoren, Realak fitxatu zuen.
Sanseko atezain titularra izan zen urte batzuetan, eta lehen taldeko deialdietan ere dezentetan sartu zen, baina azkenean ez zuen zuri-urdinekin jarraitzea lortu: «Pena ematen dizu, beti amesten duzu Lehen Mailan jokatzea, eta nik oso gertu izan nuen. Hala ere, Pontevedraren eskaintza jaso nuen, eta hara joan nintzen, eta oso gustura nago. Futboletik bizitzeko aukera eman dit, eta pozik nago», ziurtatu du. Berak garbi dauka, Realak baja eman ostean talde profesionalen batek deitu ez balio ere, futbolean jarraituko zuela. «Tolosan, edo inguruko ekiporen batean jokatuko nuen, ez daukat zalantzarik, jokatzen jarraituko nuen. Futbola ez da Athleticen edo Realean amaitzen», esaten du.
Asier Ociok era bi talde handiren harrobiak ezagutu ditu. 15 urterekin heldu zen Realera, eta gaur Alavesen bigarren taldean dago. «Lehen taldean jokatzeko ilusioarekin heldu nintzen Donostiara, baina gazte maila amaitu nuenean, Realean ez nuela jarraituko esan zidaten. Pena hartzen duzu, baina garbi neukan futbola ez zela han amaitzen. Orain Alavesek beste aukera bat eman dit».
Gasteizen ere lehen taldera heltzeko ametsarekin jarraitzen du, baina hori lortuko ez balu ere, aurrera egiteko asmoa du berak: «Realean edo Alavesen egonda, ez badut bietako inon lehen taldera igotzea lortzen, badakit zaila izango dudala Lehen edo Bigarren Mailan jokatzea, baina futboletik bizitzeko beste aukera asko daude, Bigarren B edo Hirugarren Mailan. Hemen ezin da etsi, aurrera egin behar da», esaten du.
Gauzak garbi izan
Badira beste batzuk Lehen Mailan estreinatzen direnak, baina gero jarraipenik izaten ez dutenak. Horietako bat da Raul Iglesias. Gipuzkoarra Realera 18 urterekin heldu zen, gazte mailako adina pasata, eta hori ez da oso ohikoa, baina haren kasuan horrela izan zen. Sansen aritu ostean, Realera pasa, eta lehen taldean jokatzeko aukera ere izan zuen, baina ez zuen aurrera egin.
Gauzak horrela, Toledora joan zen. «Atezain bat jokatu gabe denbora askoan badago, jendeak konfiantza galtzen du berarengan», esan du. Mantxa aldean jokatu ostean, Eibarrek egin zion dei, baina gorri-urdinekin ere ez zuen izan bere maila erakusterik.
Hortaz, kanpora joan zen, eta Portugalen, Farense taldearekin, izan zuen Lehen Mailan jokatzeko parada. Talde askotatik pasa ostean, gaur egun San Fernando taldean ari da, Bigarren B Mailan jokatzen. Gazteei, berak gauza bat esango lieke: «Futbolaria izateko, lehenengo sinistu egin behar duzu hori izan nahi duzula. Gero, horrek dakarren lan guztia egiteko prest egon, eta garbi izan behar duzu gauza asko bazterrean utzi behar direla. Eta azkenik, garbi izan behar duzu, urte askotan etxean jokatzea zaila izan daitekeela, eta kanpora irteteko prest egon behar dela, eta gero lan handia egin behar dela».
Iker Touralek ere tankerako hitzak izan ditu. Hau gaztetxoa zela heldu zen Realera, eta han egon zen Sansera heldu bitarte. Kaleratu zutenean, ez zuten ezustean harrapatu. «Egia esan ikusten nuen. Sansen ez nuen batere jokatu, urtea alferrik galdu nuen, eta itxaroten nuen kanporatzea». Berak aurrera egin zuen, ordea. Gipuzkoako talde batzuetan aritu ostean, UPVn amaitu zuen, eta han Alavesek fitxatu zuen, baina azkenean ez zen Gasteizera joan: «Dena eginda zegoen, baina orduan belauna apurtu nuen, eta hantxe amaitu zen dena». Ondoren, zazpiko futbolean aritu ostean, egun Beasain taldeko atezainen entrenatzailea da. Gaur egungo arazoa, beraren ustez, gurasoena da, gazteena baino. «Adin horretan talde handi batera joateak beti pizten du ilusioa, baina azkenean gurasoena handiagoa izaten dela uste dut, eta kolpea ere, askotan, gero haiena handiagoa izaten dela», azaldu du. «Futbolaria izateko lan asko egin behar da, eta batzuetan ongi dago eskailera maila bat edo bi behera egitea, indarra hartzeko», gehitu du atezain goierritarrak.
Horrekin bat datorrena Xabi Urretabizkaia da. Gazte mailako lehen urtea pasata esan zion Realak joan egin behar zuela. «Itxaroten nuen. Aurreko urtean ere zalantzan izan ziren nirekin, beraz, ez zen ezustea izan». Orduan Antiguokok fitxatu zuen, gazte mailako eliteko beste talde batek, eta Donostiako beste taldearekin Liga ere irabazi zuen, Reala eta Athletic atzean utziz. Antiguokok, ordea, ez du hortik gorako talderik, eta beste bide bati ekin behar izan dio. «Nik futbolean jarraitu nahi nuen. Orain ikasketei eman diet lehentasuna, eta bitartean UPV-Vasconian ari naiz, Preferentean. Maila polita da, eta oso gustura nago. Oraindik gaztea naiz eta erakusteko asko dudala uste dut mundu honetan, eta aurrera jarraitu nahi dut», gaineratu du atezain donostiarrak.
Lesioek garrantzi handia dute futbolean, eta inork gaitz horrekin sufritu baldin badu, hori Ximun Duhour izan da. Kanboko atezaina 13 urterekin heldu zen Realera. Denek maila nagusiko etorkizuneko atezaina ikusten zuten harengan. Gauzak ongi joan ziren Sansera heldu bitarte. Han hasi zen gurutze-bidea. Lehenengo, belaun bat apurtu, eta urte eta erdi eman zuen geldirik. Handik osatu, eta hiru bat partida jokatu ostean, beste belauna apurtu zuen, eta beste zazpi hilabete egon zen geldirik. Guztira, bi urte eta erdian ia ezin izan zuen jokatu. Berari, halere, futbola uztea burutik pasatu ere ez zitzaion egin: «Ezta inondik ere. Banekien bolada hori pasatuko zela, eta aurrera egin nuen». Eibarren hilabete batzuk utzita jokatu ostean, Realera itzuli eta denboraldiaurrea lehen taldearekin egin ostean, berak erabaki zuen Donostia uztea. «Gaixotasun bat ere izan nuen, eta animo aldetik nahiko ahul nenbilen. Beste zerbait nahi nuen, eta nik eskatu nuen baja», azaldu du lapurtarrak.
Orduan Avironen deia jaso, eta gustura dabil Baionan. «Niretzat plazer bat da Ipar Euskal Herriko talderik onenean jokatzea, oso gustura nago». Berak garbi dauka, ordea, bihar edo etzi Baionatik joan beharra izango balu ere, orduan ere ez lukeela futbola utziko. «Ezta pentsatu ere. Hau da niri gustatzen zaidana. Azkenean, futbola den bezalakoa da, eta badakizu edozein unetan joan zaitezkeela zauden lekutik, baina beti aitzina begira». Gazteentzat badu gomendiorik. «Futbolaria izatea beste gauzak bezalakoa da. Ez da nahikoa ilusioa eta gogoa izatea, egiten duzunarekin gozatu egin behar duzu, derrigorrez ari bazara ez dago zer eginik», esaten du Avirongo atezainak.
Herriko taldean
Talde handi batetik bidalitakoan, beste bizimodu bat topatzen saiatzen dira batzuk, eta hori egin dute David Tejerak eta Mikel Arribillagak. Lehenengoa, azpeitiarra, Sansera heldu bazen ere, orain Lagun Onak taldean ari da. «Niretzat ezustea Sansera heltzea izan zen. Han ez nuen jokatu, eta banekien zer zegoen», hasi da esaten. Orduan, «lana topatu, eta herriko taldean hasi nintzen, eta gorputzak eta lanak uzten didaten bitartean jarraituko dut», esanez bukatu du. Bestea, Ibarrakoa da eta 11 urterekin iritsi zen talde zuri-urdinera. Gazte mailako lehen urtea pasa ostean bidali egin zuten. «Beti ematen dizu pena, baina batez ere han duzun lagun taldearekin gerora harremanak izatea zaila delako, horrek eman zidan penarik handiena». Tolosa taldera itzuli zen, eta, gero, urte bat areto futbolean, Laskurain taldean, igaro bazuen ere, aurten berriz ari da Tolosan.
Ohikoena ez bada ere, bakarren batzuek beste helburu batzuk jarri, eta beraiek dira joan nahi dutela esaten dutenak. Horietakoak dira Xabier Ortega eta Xabier Agirre. Biak mutikotatik sartu ziren Realean. Batak gazte mailako bigarren urtea pasa zuenean erabaki zuen joatea. «Ikasketak egiteko hautua egin nuen eta futbola uztea erabaki nuen. Realak ezin zuen sinetsi esaten niena. Sansera pasatzeko eskaintza egin zidaten. Hori bai ez nuela itxaroten, baina ordurako erabakia hartuta nuen, eta ez zuen atzera bueltarik», azaldu du Xabier Ortegak. Orain zazpiko futbolean ari da, Lakuntza taldean.
Besteak, Agirrek, halaxe azaldu du bere kasua: «Nire aita ere atezaina zen, eta hura ere Realean ibilia. Egia esan, erre egin nintzen. Talde handien atezaina izatea ez da erraza. Ligan aldeak sekulakoak dira, eta partida askotan ez zaizu baloi bat bera ere iristen. Ez nuen gozatzen, eta joatea erabaki nuen». Orain Santo Tomas Lizeon ari da jokatzen, baina ez atezain bezala. «Erreta amaitu nuen, eta orain aurrelari jokatzen dut. Askoz ere gehiago gozatzen dut».
Talde handi horiek baja emateak kolpe itzela ematen die askori, ordea, eta horietakoak dira Iñigo De Andres eta Jonathan Etxeberrieta. Hauek ere Realean egon ziren. Lehenengoa Sansera ere heldu zen. Han bi urte egin, eta ezustean harrapatu zuten ez zuela jarraituko esan ziotenean: «Ordura arte titular izan zenari ez zioten kontratua berritu, eta nire aukera iritsi zela uste nuen, baina ezuste latza hartu nuen kontratua berritu ez zidatenean», esan du. Beasainera joan zen, baina han belauna apurtu zuen, beste kolpe bat, eta 20 urterekin futbola uztea erabaki zuen. Egun zazpiko futbolean ari da, Spyro taldean.
Etxeberrietak ere kolpe handia jaso zuen. 13 urterekin Eibarrek fitxatu zuen bere zorionerako, eta handik urtebetera, Realak. Han, Ximunekin eta Riesgorekin egin zuen topo. Gero, Aurrerara, Ondarroako taldera, bidali zuten utzita, baina ez zen itzuli. «Sekulako zaplaztekoa izan zen. Ezuste handia hartu nuen. Orduan galdu nuen futbolerako ilusioa», esan du. Ez Eibar eta ez Reala, ilusioak erabat zapuztuta, herrira itzuli zen Artibai taldera, eta berriro ere pilotan hasi zen. Une honetan, Danian, Estatu Batuetan dago, hango zesta-puntako enpresako pilotari profesionala baita. «Gustatu, gustatu pilota gehiago egiten zait, baina futboletik bizitzeko aukera izan banu, handik biziko nintzatekeen». Hala ere, markinarra oso gustura dago orain, etxetik oso aparte, baina bere gustukoa den zerbait eginez eta hortik biziz. Futbolak eman ez diona, pilotak eman baitio. Aita ere pilotari profesionala zuen, Ameriketako Estatu Batuetan. Hantxe jaio zen bera, eta mundu hori lehendik ere ezagutzen zuen.