GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Angeluko eta Capbretoneko lehergailuek zerikusirik ote duten aztertzen ari da Polizia

Pariseko Fiskaltzak eskatuta, Polizia aztertzen ari da Angelun lehertu zen gailuaren eta Capbretonen indargabetu zutenaren artean loturarik ba ote den. Angelukoak kalteak eragin zituen higiezinen agentzia batean.

GARA |

Asteazken gauean, 03.30 aldera, lehergailu batek eztanda egin zuen Angeluko higiezinen agentzia batean, kalte material handiak eraginez. Lapurdiko herri horretatik hainbat kilometrora, Landetako Capbretonen, beste lehergailu bat aurkitu zuten, Maila Goreneko Kirol Zentroan, nahiz eta kasu honetan lehergailuak ez zuen eztanda egin.

Angeluko eztandak ez zuen inolako zauriturik eragin, baina Guy Hoquet higiezinen agentziako bulegoak kalte handiak jasan zituen. Erakinean, gainera, «Euskal Herria ez da salgai» leloa zuen margoketa agertu zen. Hain zuzen, halako beste zenbait leherketa gertatu izan denean azaldutako lelo bera.

Horrekin batera, leherketaz abisatzen zuen margoketa bat ere bazegoen.

Angeluko alkate Jean Espilondok ekintza horren kontrako hitz gogorrak izan zituen, eta adierazi zuen «onartezina eta erabat salagarria» dela jazotakoa. Haren iritzian, «egunen batean bizitzaren bat kaltetua izango da horrelako atentatuen eraginez». Polizia frantsesak ikerketa bat abiarazi du, albiste agentziek adierazi zutenez.

Capbretonen, aldiz, ezaguna den Kirol Zentroko leiho baten ondoan aurkitu zuten erregaiz eta pizteko dispositibo batez betetako ur botila batek osatutako gailua, Pariseko Fiskaltzak azaldu zuenaren arabera.

Etxean egindako lehergailu hori, antza, kirolguneko langile batek aurkitu, eta Poliziari abisua eman zion. Lehergailuetan adituak diren poliziak bertaratu, eta indargabetu egin zuten.

Bi ekintza horien artean harremanik ote dagoen aztertzen ari dira Polizia indar frantsesak, Fiskaltzak hala eskatuta.

«Euskal Herria ez da salgai»

«Euskal Herria ez da salgai» leloa hainbat alditan agertu da azken urteotan sabotajeen edo leherketen jomuga izan diren Ipar Euskal Herriko eraikinetan. Gehienetan, higiezinen agentziak eta turismorako erabiltzen diren eraikinak izan dira eraso horien helburua.

Iragan urtean, gutxienez lau higiezinen agentziek kalteak jasan zituzten, eta aurten ere tankera horretako beste zenbait ekintza gertatu dira Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan.

Horrela, iragan irailean izan zen azken sabotajea, hain zuzen, Ingalaterrako bikote batek erabiltzen duen jauregi batean.

Aipatutako leherketek kalte materialak baino ez dituzte eragin bulego eta etxe horietan.

higiezinen agentzia

Angeluko lehergailua higiezinen agentzia batean jarri zuten. Capbretonekoa, aldiz, Maila Goreneko Kirol Zentro batean. Batak bestearekin loturarik ote duen aztertzen ari da Polizia frantsesa, Pariseko Fiskaltzak hala eskatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo