GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Urte beltza opa dizuegu

 

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari etamusika adiktoa

Gabonak berriro. Festa eta ospakizun egunak omen dira, erlijioaren eta kapitalismoaren gotorleku. Kontsumoaren paradisu, gehiegikeriaren orgia eta garesti ordaindutako barra librea. Espumoia eta konfetia. Plastikozko janari eta oparien gaindosia. Kristauen egutegiaren arabera urte zahar eta urte berria. Konfesatu, eta «pekatu» guztiak alboratuta, bizitza berriari ekiteko aitzakia.

Zer eskatzen diogu urte berriari? Eskatzea libre. Nork bihurtuko ditu egia gure ametsak? Ekialdeko errege «terroristek», Aita Noel inperialistak ala gure Olentzero «jatorrak»? Guztiek batera, agian? Jokatu dezagun. Zilborrari begira jarri eta musika zaletu amorratuak garen neurrian, musikari lotutako eskaria egingo dugu. Orokorrean, musikarien baldintzak ez dira batere onak. Azpiegitura aldetik gabezia handiak daude, eta zer esan musikariek dituzten lan baldintza negargarriez? Musika mundua ez dago behar bezala baloratuta.

Urteak dira Euskal Herrian musika beltza delakoa zabaltzen ari garela eta aurrerapausoak eman badira ere, oraindik bide luzea dugu egiteko. Musika beltza abesten duten abeslari euskaldunen beharra dugu, adibidez. Noizko James Brown, Bob Marley, Marvin Gaye edo Sade euskalduna? Noizko funk, soul edo reggae erritmoen gainean «euskalduna nauk eta arro nagok», ahots landuaz, garrasika abesten duten abeslariak? Kantautore ederrak ditugu, folk, pop eta rock estiloetan txukun ari diren talde eta abeslariak ditugu. Funk, soul, rap, reggae, blues edo musika beltzaren gainontzeko estiloetan, ordea, euskaraz abesten dutenak salbuespena dira. Zergatik?

Ideiak eta sentimenduak adierazteko tresna ederra da musika, eta ez du hizkuntza mugarik. Norbaitek aipatu erritmoen gainean abestu aurretik, lehenik eta behin erritmo horiek sentitu behar ditu eta horretarako, musika horiek ezagutzea ezinbestekoa da. Zorionez, egun ia guztion eskura daude. Gero eta gehiago dira musika horiekin antolatzen diren festa eta sound systemak. Denbora kontua izango da agian, baina ezin dugu probidentziaren edo opariak egiten dituzten izaki «magikoen» esku utzi.

Gure esku dago bide horretan lan egiten jarraitzea. Estilo horiek jende aurrean abestu nahi al dituzu? Jarri gurekin harremanetan (www.ixah.net). Oharra: Jasotako opariak konbentzitu ez bazaitu, Toni Lodeiroren «Consumir menos, vivir mejor» (Txalaparta arg. Noizko euskaraz?) liburuagatik truka dezakezu. Ezohiko saltokietan salgai edo sarean eskura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo