GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Cosmonaut Camel», Jimmy Bidaurreta munduan zehar bidaia musikalean

A. BILBAO | BILBO

1971ean Donostian jaioa, musikari peto-petoa dugu Jimmy Bidaurreta, besteak beste Sonora Candela, Javi Pez Orchestra, Makala Band edo Ortophonk talde beltz eta dantzagarrietan teklatuak jotakoa. Alta, eginak ditu zinema eta antzerkirako musikak ere, talde ugarirekin egindako ekoizpen lanez aparte. Egun, gainera, Gasteiz Big Bandeko zuzendaria dugu. Jazz banda oparoa dugu Gasteizkoa, 1970eko hamarkadako soinuak eta egungoak uztartzen dituena, hip hopa kasu.

Guzti horretaz aparte, pausoa aldatu eta herri musiketara hurbildu da orain donostiarra, eta «Cosmonaut Camel» bakarkako lehen lana plazaratu berri du Gaztelupeko Hotsak zigiluan. Munduan zehar egindako bidaia musikala aurkezten digu An ethynictronic trip world izenordetzat daraman lanak.

Garapen teknologikoak musika doinu eta erritmoak sortzeko eskaintzen dituen erraztasunez baliatuz eta «egizu zuk zeuk» punk leloa bere eginda, Afrika zein Amerikako herri musiketara garamatza oso atsegina eta entzuteko erraza egiten den lan baten bitartez.

Dantza beltza

Horren gustuko dituen latindar musika eta acid jazz doinuak daude «Cosmonaut Camel» lanean, baita soul eta hip hop erritmoak ere, iragana eta etorkizuna nahastuta Jimmyk XXI. mendeko soinu oihanean prestatutako plater gozoan. On egin eta ondo murtxikatu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo