GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñigo Santxo Uriarte ESAITeko kidea

Balinda: Euskal Herriko federazioak

Gaur egun Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna ofizialtasunaren aldeko lanagatik baino ezagunagoa da ESAITen kontra egiten duen ariete lanagatik

ETBren programa gogora ekarriz, iaz orrialde hauetan «Balinda: Euskal Herria» esan nuen, Euskal Herriko Jokalarien ekimenez ezin omen zena gauzatu egin zelako. Aurten ere, oztopoak oztopo, segitu behar dugu aurrera begira, jakin baitakigu, enpirikoki frogatu baita, izena aldatuz ofizialtasunaren bidean «guri» dagozkigun «etxeko lanak» egin ostean, nazio gisan agertu ahal izango dugula nazioarteko kirol federazioen aurrean.

Orain dela urte batzuk, Joseba Egibarrek gure herriaren egoeraren deskribapen zehatza egin zuen: «Noria autonomikoa», eta egia esan, Gabonetako ofizialtasunari dagokiola, Euskal Selekzioaren partiduak benetan eragiten zuen sentsazio hori. Gabonetan hain hurbil, udan hain urruti. Urtean zehar gaia ahaztuta egonda ere, klase politiko abertzalearen eskutik abendu oro ofizialtasunaren aldeko deklarazio entzutetsuen lekukoak izan gara, eta bitartean, urte osoan zehar, gure kirolariak nazioartean lehiatzen ikusteko aukera bakarrak izan ditugu kamiseta arrotzak jantzita egon izan direnak, Espainiarekin edo Frantziarekin. Hortaz, Gabonetako partiduak ofizialtasunaren aldeko dinamika baten barneko atal gisan baino panem et circenses lelopean sorturiko ekitaldia ematen zuen. Errealitate horrek euskaldunongan sortzen duen sentsazioak argiro erakusten du, barrakeroak euren etekinekin pozik dauden arren, herritarrok noriaz besteko atrakzioak behar ditugula.

Baina behar ditugun atrakzio berriak ere definitu eta zehaztu behar dira. Euskal Selekzioen aldeko diskurtso generikoa erabat asumituta dago euskal gizartean; hortaz, praktikara pasatu ahal izateko orokortasun horretatik planteamendu taktikoak definitu behar dira, eta behin zehaztuta, norabide horretan eragile guztiek konpromisoak hartu behar dituzte, ditugu.

Selekzioaren aldarrikapena erabat deportiboa da. Jokalariek jaso dituzten kritiken aurrean, Etxebek esan zuen jokalarien errebindikazioa ez dela politikoa, horretan ere bat nator berarekin, eta politikoa ukazioa izan da.

ESAITen eskariz 2003an Aztiker enpresak inkesta bat egin zuen kirol federazioetako lehendakarien artean Euskal Selekzioen gainean. Euretatik %99k selekzioen ofizialtasunaren aldeko jarrera zuten. Jarrera hori argudiatzeko erantzun desberdinak eman zituzten: a) kirolarien motibazioak gora egingo lukeelako (%84); b) komunikabideetan kirolari eskaintzen zaion tarteak gora egingo lukeelako (%77); c) zaleen kopuruak gora egingo lukeelako (%70); d) kluben motibazioak gora egingo lukeelako (%69), eta e) kirol fitxen kopuruak gora egingo lukeelako (%61). Ez dago, beraz, euren iritzien artean kutsu politikodunik. Selekzioen ofizialtasunari ipintzen dizkieten oztopoak, aldiz, federazioetako lehendakarien ustetan, politikoak dira.

Era berean, lehen aipatutako inkestan kirol federazioetako lehendakarien %99k adierazi zuten Euskal Herriko kirol selekzioen sortze bidean, Euskal Herriko kirol federazioak sortzearen alde daudela; %1en iritziz, ordea, pauso hori ez da interesgarria. Guztietatik ere, % 97k Euskal Herriko Kirol Federazioak sortzea ofizialtasuna eskatzea baino lehenagoko urrats gisan ulertzen zuten.

Konstatazioa argia da, federazioen izaera pribatuaz baliatuz, federazio nazionalak sor litezke. Bitxia da horren aurrean Jaurlaritzako Kirol zuzendariak eta bere menpeko federazioen ordezkariek duten jarrera. 2002ko uztailean, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren asanbleak, besteak beste, egitura nazionala sortzea erabaki zuen. Bada, Joserra Garaik, orduko lehendakari Txema Aldamiz-Etxebarriaren bitartez, erabaki hura deuseztatzea lortu zuen.

Jaurlaritzako Kirol zuzendariaren ustez, konponbidea ez dago gure esku, arazoa beti izaten da kanpokoa, Estatuak ez du baimentzen... baina ez du planteatu ere egin batzorde bat sortzerik ofizialtasunari begirako plangintza bat diseinatzeko, eta batzorde moduan elkarlanean aritu izan direnean, jokalariek eta Futbol Federazioak, lortutako akordioa leherrarazi du, guztiok, baina batez ere jokalariek, pairatu ditugun ondorioekin.

Horren guztiaren gainean, onena da entzutea federazioak Kirolaren Legearekin lotuta daudela, eta hortik aurrera ez dutela egiterik, eta gainera Lege hura ESAITen babesarekin onartu zela. Egia bada ere Lege hura ESAITen babesarekin onartu zela, egia da konpromiso bat ere egon zela, legea bultzatu zuten alderdien artean, Legea garatzeko, eskaintzen zituen baliabideen bitartez nazio mailako egitura bat sortzeko, eta hori jaso zen Lizarra-Garaziren ostean alderdi abertzaleek izenpetu zuten gobernagarritasun akordioan. Baliabide hura, Kirol Federazioen Batasuna, 2002an garatu zen, ordea, gobernagarritasun akordioa deuseztatu eta gero, eta bera sortu zuen Dekretuak argi erakusten zuen lurraldearen ikuspegitik, bere eginkizunean ez zuela Euskadiko Autonomia Erkidegoa gaindituko. Gauzak horrela, gaur egun Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna ofizialtasunaren aldeko bere lanagatik baino ezagunagoa da ESAITen kontra egiten duen ariete lanagatik.

Bada gehiago, 2006an, Kultura sailburuak, Euskadiko federazioak arautzen dituen Dekretua onartu zuen (16/2006), eta dekretu horrek esanbidez jartzen ditu maila berean Nafarroa, Murtzia eta Kantabriako kirolariak. Adibide hauek argiro erakusten dute Eusko Jaurlaritzak ofizialtasunaren gainetik kirol federazioak kate motzean lotuta edukitzea lehenesten duela, lurraldetasunaren kalterako bada ere, eta testuinguru horretan kokatu behar dira Joserra Garairen azpijokoak jokalarien eta Federazioaren arteko akordioa desegiteko.

Think Gaur Money programak gaur, Bilboko kaleetan, dastatuko du duen eragin soziala. Gu hantxe izango gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo