Claude Viseux zendu berriaren brontzezko lanen erakusketa
Azaroaren 9an zendu zen Claude Viseux eskultorearen artelanak egunotan ikusgai dira Donibane Lohizunen eta Angelun. Donibane Lohizunen artistak berak prestatu erakusketa zabaldu zuten joan den astean. Rotonda aretoan artistak 1985. eta 2005. urteen artean egin zituen brontzezko eskulturak aurkezten dira urtarrilaren 25a arte.
Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE
«Aurreko mendeko artistarik handienetakoa» esanez definitzen du Yann Hervé-Kersuyan eskultoreak. Cesar, Arman, Matta eta Max Ernst artisten lagun eta garaikidea izan den Claude Viseuxek azken bi hamarkadetan egin brontzezko lanen selekzioa ikusgai dago egunotan.
Champagne-sur-Oisen jaio zen 1927an eta aurtengo azaroaren 9an zendu zen Angelun, azken hamar urteetan bizileku eta lantoki izan zuen Lapurdiko hirian. Altzairu herdoilgaitzez, brontzez, PVCz eta egurrez egin eskulturak dira artistaren obrarik ezagunenak, baina margolari lanetan ere aritu zen.
Mundu osoan zehar barreiatuak daude Viseuxen eskulturak, bai museoetan, baita kaleetan ere, artelan erraldoiak. Kanariar irletan, Tenerife eta Lanzaroten 50 eskultura ikus daitezke. Aljeria, Belgika, India, Polonia, Mexiko, Estatu frantses eta Ameriketako Estatu Batuetako museoek eskuratu dituzte haren lanak.
Anton-Pevsner eskultura sari ezaguna irabazi zuen, beste lau sarirekin batera. Pariseko ENSBAko eskultura irakasle nagusia izan zen 1975etik 1992ra. Arte eta Letretako Ofiziala eta Ohorezko Legioko Zalduna izendatua izan zen.
Margolaritzan abstrakzio lirikotik jotzen zuen eta egin zituen lanak bereziki New Yorkeko Castelli galeriak aurkeztu zituen.
Brontzeak 1985-2005
«Rotonda gelan egin nituen argazkiak ikusita Claudek berak aukeratu zuen artelanen kokapena» azaldu zuen artistaren alargunak, Micheline Viseauxek. Gehitu zuen, «gela guztia zuria denez eta bere lanik gehienak altzairu herdoilgaitzez egiten zituenez areto honetan gehiago nabarmentzen diren brontzezko beste lanak ezartzea erabaki zuen».
Viseuxen lanak ikusmenaren mundu sakonari erreferentziak dira, edo obsesioak, berak aitortzen zuen bezala: «Egitura bertikalak ikus daitezke, enblemak bezalakoak, totemak eta bertatik gauza asko ateratzen dira (maskorrak, ezpatak, eskuak) zuhaitz bat eguzkitan loratu daitekeen bezala. Badira egitura ezegonkorrak ere, linealak, tranpak bezala espazioa hartzeko eginak». Donibane Lohizuneko erakusketan mota ezberdinetako lan horiek ikus daitezke.
«Nire senarrak ez zuen motibazioen gainean lan egiten, obsesioak ziren. Gai ezberdinen gainean lan egiten zuen, askotan gai berari buruzko sailak egiten zituen, maskorrak, hegalak, krustazeoen hankak...» azaldu zuen Micheline Viseauxek. Sail horietako ale batzuk aurki daitezke Donibane Lohizuneko erakusketan. 1992an egin «Alaire» sailean, esaterako, hegalei buruzko hausnarketa antzematen da. 2000. urtean egin «Corps cosmique» izenburupean, esferen inguruko formak agertzen dira. 1991ean egindako «Mientras tanto» saileko lanetan inguru industrialetik berreskuratutako materialen erabilera nabarmentzen da. Lan horiek sortzeko Irungo José Piriz urtzailearekin elkarlanean aritu zen.
Mundu osoan zehar barreiatuta daude Viseuxen eskulturak, bai museoetan, bai kaleetan eskultura erraldoiak ere. Besteak beste, Kanariar irlak, Aljeria, Belgika, India, Polonia edo Mexikoko museoetan daude bere lanak.
Tokia: Donibane Lohizuneko Rotonda gela.
Fecha: Urtarrilaren 25a arte.
Antolatzailea: Donibane Lohizuneko Herriko Etxea.
Sarreraren prezioa:
Dohainik.
Artistaren azken urteetako bizitoki eta lantoki izan zen Angelun ere Claude Viseuxen lanak ikusteko aukera dago urtarrilaren 4a arte. Chambre d'Amourreko biltzar aretoaren aitzinean Viseuxen lanekin batera Christophe Doucet eta Ibai Hernandorenaren eskultura lanen sorta bat dago ikusgai. Arkitektura, Hirigintza eta Ingurumenaren Kontseiluen hogeita hamargarren urteurrena ospatzen dela-eta, Didier Arnauet arte kritikariak egin selekzioa biltzen du erakusketa horrek. «Eskulturak Chambre d'Amourren» erakusketan artistaren obraren zatirik handiena osatzen duten altzairu herdoilgaitzez egindako lanetako batzuk aurkezten dira.
I. E.