GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Tortura testigantza berriak

«Torturaren gurpilean» PSOEk zein EAJk duten ardura salatu dute

Azken atxilotuek inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu dituztela, eta soilik aurten, gisa bereko 64 testigantza aurkeztu direla jakinarazi zuten. PSOEk tortura helburu politikoz erabiltzen duela eta EAJk ere halaxe baimentzen duela gaitzetsi ondotik, egunen batean kasu hauek guztiak aintzat hartuak izango direla ohartarazi zuten, eta orduan, «nork zer egin duen torturaren auzian» argi geratuko dela. Bien bitartean, herritarrei mobilizatzeko deia egin zieten.

p004_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

«Beste behin ere torturaz hitz egitea dagokigu, guk egin ezean inor gutxik hitz egiten duelako torturaz gure herrian». Gisa honetan abiatu zuten euren mezua amnistiaren aldeko mugimenduko kideek, azken atxilotuen senide, lagun eta abokatuekin batera atzo Donostian eskaini zuten agerraldian.

Pasa den astearen hasieran Donostian eta Pasaian egindako atxiloketen harira, tortura testigantza berriak jaso dituztela gogora ekarri zuten guztien izenean mintzatu ziren Bittor Valderramak eta Leire Gallastegik. Biziki gogorrak izan ziren Julen Etxaniz sanpedrotarrak, June Villarrubia lezoarrak eta Arkaitz Landabe- reak bost eguneko inkomunikazioaren ondotik egin zituzten kontaketak.

Nabarmendu zutenez, testigantza berriak izanik ere, funtsean, 2008an torturatuak izan diren gainontzeko herritarren antzekoak, hauek ere. «Poltsa jarri diete buruan ia itotzeraino, gorputz osoan jo dituzte, biluzik eta zutik eduki dituzte, begiak estali dizkiete, sexu jazarpenak...», zehaztu zuten.

Inkomunikazio aldian jasotako tratuaren ondotik, pasa den astean amnistiaren aldeko mugimenduak salatu zuen moduan, ofiziozko abokatuak berak atxilotuen egoera penagarria zela ikusita, bere kabuz habeas corpusa eskatu zuen.

«Bikoteekin mehatxu»

Nabarmendu egin zuten, halaber, beren senide eta bikoteekin egin dieten mehatxua. Kontuan izan behar da kartzelatuak izan diren Arkaitz Landaberearen eta Julen Etxanizen bikote June Villarrubia eta Saioa Urbistazu ere atxilotu zituztela operazio berean. Inkomunikazio aldian mehatxu egin zieten haiekin. Aske geratu dira ondoren bi emaku- meak, Urbistazuren kasuan epailearen aurretik pasa ere egin gabe, gainera.

Amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek ohartarazi zuten gisara, orotara amaitzear dagoen urte honetan 64 tortura salaketa izan dira, eta 6 pertsona inkomunikazio aldian ospitalera eraman behar izan dituzte, tartean pasa den astean atxilotutako Arkaitz Landaberea.

Datu horiek, polizia indar espainolek euskal herritarren aurka «tortura sistematikoki eta basatiki» erabiltzen dutela agerian uzten dute, euren esanetan; eta hain zuzen, torturaren errealitatea «egungo salbuespen egoeraren eta espai- niar demokrazia ezaren» adierazlerik gogorrenetarikoa dela salatu zuten.

Azken atxiloketen harira gertatutakoak, beste behin ere erakutsi du Madrilgo Gobernuak Euskal Herriarekiko dituen helburu politikoetan urrun iristeko prest dagoela, atxilotuen gertukoen iritziko. Euren ustez, argi dago gainera, «atzean utzi dugun urte honetan ere frankismotik jasotako herentzia krudel hau erabiltzen jarraitzeko asmoa duela» eta «Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari loturik atxilotzen dituen herritarrak inkomunikatzen eta torturatzen jarraituko duela», legearen babesean inkomunikazioa bitarteko hartuta.

«Gizartean beldurra zabaldu»

«Tortura helburu politikoetarako erabiltzen du PSOEren gobernuak», adierazi zuten tinko; izan ere, euren aburuz, «informazio politikoa, atxilotuen inkulpazioak eta interesatzen zaizkien deklarazio politikoak lortzen dituzte torturaren bidez, eta are gehiago, gizartean beldurra zabaltzen dute, torturatua izateari beldurra».

Hala, atxilotzen dituzten euskal herritarrekin abian jarritako «torturaren gurpila» definitu zuten: «Auzitegi Nazionaleko epaileek torturapean egindako deklarazioak erabiliko dituzte, herritar hauek urte luzez espetxeratzeko askotan nahikoak izango direlarik torturapean egindako deklarazio polizialak; ondoren, epailearen aurrean dena ukatu eta torturak salatu arren, deklarazio hauek nahikoak izango dira herritarrei espetxe zigor lu- zeak ezartzeko».

Bide horretan, Euskal Herriko alderdi politiko, erakunde eta komunikabide nagusien isiltasuna eta utzikeria ere tortura iraunarazteko ezinbestekoak direla nabarmendu zuten: «Tortura testigantzak eskuan izan arren, isil-isilik geratuko dira bortxakeria izugarri honen aurrean eta kasua oso nabarmena denean, «ge- hienez ikerketaren bat egon dadin eskatuko dute». Baina, aldean, Lakuako Gobernuak «ez du inolako arazorik operazio polizial hauek polizia torturatzaileekin zuzenean koordinatzeko», edota, «Euskal Telebistako albistegietan etengabe torturaren errealitatea estaltzeko».

Euren iritzian, «torturaren gurpilak» gisa honetan funtzionatzen du eta nabarmena da gainera, «nola ulertu bestela Estatu frantsesean azken atxilotuek deklarazio polizialik egin ez izana eta torturak salatu ez izana?» eta aldi berean, «Irunen, Algortan eta Donostian atxilotu dituztenek deklarazio polizialak egin izana eta torturak salatu izana?».

Euren hitzetan, ageri-agerikoa da inkomunikazio aldian polizia espainolek egiten dutena, «ikusi nahi ez duenak ere ikusten duen errealitatea» baita tortura.

«Egunen batean argituko da»

Guztiagatik, torturaren aurka lanean jarraitzeko deia egin zuten. Izan ere, egunen batean, «urte hauetan guztietan egondako tortura kasuen benetako memoria» egingo delako esperantza agertu zuten. Egunen batean tortura kasu hauek guztiak aintzat hartuak izango direla eta erantzukizunak ageri-agerian geldituko direla adierazi zuten, eta orduan, «argi geldituko da nork zer egin duen torturaren auzian».

Egun hori iritsi bitartean deia egin zieten herritarrei torturaren aurka lanean segitzeko; izan ere, euren hitzetan, eguneroko lanak eta salaketek ekarriko dute «basakeria honen amaiera». Bereziki egin zuten deia bihar, eguerdiko 13.00etan Algortako Telletxetik aterako den manifestazioan parte hartzeko.

Polizia espainolak

«Nola ulertzen da Estatu frantsesean azken atxilotuek deklarazio polizialik egin ez izana eta torturak salatu ez izana, eta Irunen Algortan eta Donostian atxilotu dituztenek bai?»

64

Amaitzear dagoen urte honetan orotara 64 pertsonek aurkeztu dituzte tortura salaketak. Am- nistiaren aldeko mugimendua- ren hitzetan, «ikusi nahi ez duenak ere ikusten duen errealitatea» da tortura.

Algorta

Bihar eguerdiko 13.00etan abiatuko da Algortako Telletxetik torturaren aurkako manifestazioa. Herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

6

Inkomunikazio aldian jasotako tratuaren ondorioz, azken urte honetan seis lagun ospitalera eraman behar izan dituzte. Pasa den astean ofiziozko abokatuak atxilotuen egoera ikusita habeas corpusa eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo