Izaskun Bilbaoren azken «txistea»
Euskal Herrian oso ezagunak dira bilbotarrei buruzko txantxak eta txisteak -egia osoa esateko, bilbotarrek beraiek ere asmatzen dituztenak eta oso gogoko dituztenak-, zeinetan bertakoek, handiustez beterik, «gu beti bat gehiago, gu beti bat harago» lemari eusten dioten. Norbaitek bere burua eraikin baten ehungarren pisutik botatzen badu, hor etorriko da bilbotar bat berrehungarren solairutik salto egitera... eta gisakoak.
Gasteizko Parlamentuko lehendakariak, Izaskun Bilbaok, bere abizenari ohore eginez, txistean bezala egin du: epaitegi espainiarrak baino harago jo du eta ia urtebetez Ezker Abertzalea talde parlamentarioak jaso behar zituen ordainsariak bahitu ditu, prebentzio neurri gisa. Alderdi politikoak eta talde parlamentarioak entitate ezberdinak direla jakin arren, EHAKren balizko ilegalizazioari aurrea hartu, eta badaezpada diru hori gorde egin du, zer eta Ezker Abertzalearen jokabideari esker lortutako postuak ematen dion eskumena baliatuta.
Hau guztia, jakina, «Alderdien Legearen» aurkakotasunik aurkakoenetik egin du Bilbaok, bere alderdiak eta Ibarretxe lehendakariak ere bai behin eta berriz azaldu dute-eta lege hori guztiz antidemokratikoa eta eskubideen aurkakoa dela. Antza denez, EAJko goi kargu eta mandatariek euskal herritar guztiak bilbotarrak ez, baizik eta Lepe herrikoak direla uste dute.