GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Lasa, min hartuta, ez da izango Arbizuko finalean

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatuko da bihar 13.00etatik aurrera Arbizun. Bertan, azaroan Errezilen jokatutako kanporaketako sei onenak izango dira lehian, Lasa ezik.

Honako hauek izango dira finalean: Zubiaga, Mugertza I.a, Rekondo, Belarra, Otaegi eta Ugarteburu. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.

Finalak itxura erakargarria du, eta ikusmina ere dezente dago. Txapela janztea garrantzitsua da, baina bigarren postua lortzea ere bai, horrek datorren urtean maila nagusian aritzeko aukera emango baitie, eta hori izango da lehian arituko diren gehienen helburu nagusia.

Hala ere, finaleko berririk txarrena, Lasaren hutsegitea izango da. Legorretakoa zen finala irabazteko faborito nagusia, baina gerriko minak jota dabil, eta ez du bihar parte hartzerik izango. Haren ordez, kanporaketan zazpigarren amaitu zuen Ugarteburu arituko da.

Faboritoak aipatzerakoan, nagusia faltako da, Lasa baitzen irabazteko hautagai nagusia, baina bera ez denez izango, gauzak asko aldatuko dira. Finalean arituko diren seietatik edonork lor dezake txapela. Agian okerren, Ugarteburu aurki liteke, ez baitu izan astirik hau prestatzeko, azken orduan izan baita aldaketa.

Bizkaian, berriz, gaur jokatuko da 20.00etatik aurrera herrialdeko finala Zeanurin. Zazpi aizkolari neurtuko dira, eta honako hauek izango dira: Atutxa II.a, Mendieta, Larrea, Bihurri, Zelai, Garitaonaindia eta Txikon arituko dira. Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, baita gaur irabazteko faboritoa ere.

Aian, berriz, gaur jokatuko da 22.00etatik aurrera Euskadiko idi-proba Txapelketa. Ixamaren, Landazabalen eta Zerainen idiak neurtuko dira. Zumarragako plazan, berriz, taldekako gizon-proba lehiaketa jokatuko da bihar, 11.30ean hasita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo