GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

BBK Mastersaren finala

Milaka arrazoi gozatzeko

Barriola eta Martinez de Irujo Donostian neurtuko dira buruz buru 18.000 euroko sari potoloaren bila.

p031_f03_666x666.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Buruz buru frontoi osoan jokatzeko garai egokiena ez izan arren, Abel Barriolak eta Juan Martinez de Irujok arrazoi asko dituzte gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den BBK Mastersaren finala (18.15, Telecinco) irabazten saiatzeko. Final bat irabazteak ematen duen poza, goi mailako aurkari bat mendean hartzeak dakarren ohorea edota frontoira bertaratutako zaleei ikuskizun polit bat eskaintzeko nahia izan daitezke batzuk, nahiz eta, seguru asko, titular gehienek irabazleak jasoko duen 18.000 euroko saria nabarmenduko duten.

Une egokian iritsi zaie Mastersa bai Barriolari, bai Irujori. Denbora dezente daramate biek lesioak ahaztuta goi mailako partidak jokatzen. Lau eta Erdiko Txapelketa oso ona egin zuten biek eta, azkenean garaipena Aimar Olaizolak lortu zuen arren, erakutsitako joko mailarekin batak zein besteak jantz zezakeen txapela. Sasoi onari eutsita, Barriolak Asier Olaizola eta Julen Retegi utzi ditu bidean batere arazorik gabe; Irujok, berriz, Gonzalez kanporatu zuen finalerdietan irudi ona emanda.

Pilota aukeraketa aurreko asteartean egin zuten bi protagonistek eta ez zen arazorik sortu materialarekin. Irujok Punparen bi pilota hartu zituen, 105,6 gramokoak biak, eta Barriolak Cipriren bat ere sartu zuen bere sortan: 104,5 eta 105,1 gramo. Barriolak Asier Olaizolaren aurkako partidan pilotak zirela-eta kexak azaldu zituen arren, orduz gero ez da purrustada nabarmenik egon materialari dagokionez. Eskertzekoa da.

«Jokatu eta entrenatu»

Orain artekoari begiratuta, Irujok eta Gonzalezek aurreko igandean jokatu zuten finalerdia izan da lehiaketak utzi duen partidarik onena. Irujok ikusgarri jokatu zuen, eta hiru aste baino gutxiagoan bere bigarren finalerako sailkapena eskuratu zuen. «Oso pozik nago. Martxotik ez dut lesiorik izan eta horrek jarraipena ematen dizu, bai partidak jokatzeko eta bai entrenamendu onak egiteko», adierazi, eta gaur ere bere botileroa Patxi Eugi izango dela baieztatu zuen Iberoko aurrelariak. Barriola ere pozik azaldu zen beste final bat jokatzeagatik. Nafarroako Lau eta Erdikoa irabazi du eta Buruz Buruko Txapelketan ere finalista izan da hirugarren aldiz.

18.000 arrazoi, beraz, pilotarientzat irabaztera irteteko eta 18.000 arrazoi zaleentzat ere partida on batekin gozatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo