TRINKETEA
Ezkurra da Garateko finaleko faboritoa
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Heldu da urteko azkeneko finala jokatzeko garaia, eta garrantzi handikoa izango da gainera, Superprestigioa erabakiko baita bihar 17.00etatik aurrera Donibane Garazin, Garat trinketean.
Aurrez aurre Paxkal Ezkurra eta Thierry Harizmendi izango dira. Lapurtarra hasi aurretik hemen izateko faboritoetako bat zen, baina ez Nafarroa Beherekoa.
Azken honek sekulako ezustea eman du finalean sartuta. Aurre kanporaketa bat jokatu behar izan zuen Lazkanoren aurka, eta partida handi bat egin ostean, lehiaketan sartu zen.
Final-laurdenetan Patrick Ozafrain, txapela lortzeko beste faboritoa,kanporatu zuen, hura izan da orain arteko ezustekorik handiena. Finalerdietan, berriz, Etxeberri kanporatu zuen, baina hori ez zen izan ustekabea.
Harizmendiren lana goraipatzekoa da. Orain arte ezker paretan aritu da Aspe enpresarekin, baina hauek ez diote kontratua berritu, eta EPB enpresak fitxatu du trinketerako, eta sekulako maila hartu du denbora gutxian. Galtzeko ez dauka ezer ere ez, eta irabazteko, berriz, asko. Ez badu txapela lortzen, normala izango da, aurrean zein duen kontuan hartzen bada. Irabazten badu, berriz, sekulakoa izango da.
Paxkal Ezkurra da txapela lortzeko faborito nagusia. Dirua bere alde aterako da nabarmen. Urruñakoak azken urte eta erdia ez du onena izan, baina bera punta-puntan ez dagoenean ere beti onenekin dago. Badu izarrek izaten duten dohain horietako bat.
Finalerdietan lan asko egin behar izan zuen Andde Kurutxari menderatzeko, eta finalerdietan, berriz, ez zuen izan inongo eragozpenik Panpi Idiarti irabazteko. Finalean dena bere alde izango du, apustuetatik hasita, baina bera ohituta dago presio horrekin jokatzera. Gaztea den arren, txapel ugari jantzi ditu, eta finalak ere asko jokatu ditu. Sakearekin asmatzen duenak, irabazteko asko izango du.