GARA > Idatzia > > Mundua

Hiru gerraontzi bidali ditu Txinak Somaliara, piraten kontra aritzeko

Hiru gerraontzi bidali ditu Txinak Somaliara piraten kontra ekiteko. Misioa 800 pertsonez osatuta dago. Gerraontziak bere uretatik harantzago bidaltzen dituen lehen aldia da. Adituen arabera, misio horrekin nazioartean duen eginkizuna indartu nahi du Gobernu txinatarrak.

GARA |

Agindu bezala, Txinak hiru gerraontzi bidali zituen atzo Adeneko Golkora, Somaliara, piraten kontra jarduteko. Txinako uretatik harantzago gerraontziak bidaltzen dituen lehen aldia da. Misioaren arduradun Du Jingchengek azaldu zuenez, 800 lagunez osatutako misioa da, horietatik 70 indar berezietako soldaduak direlarik. DDG-171 «Haikou» eta DDG-169 «Wuhan» destroyerrak eta bizigaiak garraiatzeko «Weishanhu» ontzia Hainan irlatik abiatu ziren atzo, Txinaren hego-ekialdean. Misilez, armez eta kanoiez hornituta daude. Kanpo Arazoetarako Ministerioaren bozeramaile Liu Jianchaoren esanetan, 1.265 itsasontzi txinatarrek zeharkatu dute Adeneko Golkoa 2008an eta horietatik, %20k erasoak pairatu ditu. Piratek 110 itsasontziri eraso diete aurten, 42 alditan arrakasta izanik.

Hedabide txinatarrek misioaren apartekotasuna nabarmendu zuten. «XV. mendetik ez du nazioarteko uretan halako itsas hedapenik egin», adierazi zuten ia aho batez hainbat hedabidek.

Analistek ere misioaren garrantzia goraipatu zuten. «Esku-hartze militar honekin Txinak mezu argia bidali nahi du. Duen indar ekonomiko eta militarrarekin, nazioartean presentzia handiagoa izan nahi du», helarazi zuen Li Weik, nazioarteko harremanetan adituak.

«Atzerrira bidaltzen dugun lehen misioa denez, aurreikusi gabeko zenbait egoerei aurre egin beharko diegu ziurrenik, baina prestatuta gaude», esan zuen Jingcheng almiranteak.

Gerraontzien zeregina «Adeneko Golkotik igarotzen diren itsasontzien segurtasuna bermatzea da, batez ere, txinatarrena», gaineratu zuen.

Adituen hitzetan, Txinak XV. mendetik ez du gerraontzirik bere eremutik kanpora bidali. Garai hartan, Zheng He itsasgizonaren gidaritzapean Asia eta Afrika ezagutzeko itsasontziak bidali zituen. Geroztik oso gutxitan bidali ditu gerraontziak eta nazioartean operazioak egin baditu ere, mugatuak izan dira: ariketa militarrak Armadarekin, kaietan geldialdiak eta helburu diplomatikoa izan duten bisitak. 2002an, munduari bira eman zion Itsas Armada txinatarrak.

Somaliako enbaxadoreak, Mohamed Ahmed Awillek, eskerrak eman zizkion Txinari. «Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren kidea izanik, ahalegin handia egiten ari da piraten kontra egiteko. Piratak ez dira Somaliaren arazoa soilik, nazioartearena ere badira», adierazi zuen.

dimisioa

Somaliak bizi duen krisi areagotu egin du Mohamed Mohamud Guled lehen ministro berriaren dimisioak. Legebiltzarrak haren izendapena atzera bota zuen pasa den astean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo