Getariako ezker abertzaleak alkatearen dimisioa eskatu du
Balenciaga museoaren auziaren gainean Gasteizko legebiltzarrak egindako txostenaren aurrean bere balorazioa eskaini zuen atzo Getariako ezker abertzaleak. Pozik daude txostenaren emaitzarekin, baina Getariako alkate den Andoni Aristiren dimisioa eskatu zuten.Ane ARRUTI | GETARIA
Balenciaga museoa izango denaren aurrean egin zuen atzo agerraldia Getariako ezker abertzaleak, Itziar Basterrika, EHAK-ko parlamentariarekin batera. Pozik azaldu ziren Legebiltzarrak egindako txostenarekin, «hainbeste urteren ondoren afera guzti honetan erakunde publikoek izan duten ardura politikoa bistan geratu delako», adierazi zuen Karmele Iribar ezker abertzaleko kideak. «Hasierako momentutik esan genuen pertsona konkretu batzuek burutu zitzaketen irregulartasunez gaindi, egitasmo ustel hau bultzatu eta babestu duten erakunde publikoek zutela ardura nagusia, eta hauek zirela benetan argitu beharrekoak. Denborak arrazoia eman digu».
Getariako Udalaren papera salatu zuten bereziki. Euren esanetan, hasieratik ezagutu eta babestu zituen irregulartasun guztiak. «Alde pribatuko (Balenciaga fundazioa) eta publikoko (Berroeta Aldamar) parte izan arren, Mariano Camiori -alkate ohia- nahi duen guztia egitea baimendu dio inongo kontrolik gabe, eta ezker abertzaleak urtetan zehar egindako etengabeko informazio eskaerak alboratu ditu». Arrazoi horiengatik, egun Getariako alkate den Andoni Aristi jeltzalearen dimisioa eskatu zuten «dagozkion kargu eta ardura politikoengatik eta gertatutakoaren aurrean, zeuden irregulartasunen jakitun, Mariano Camio zein Josu Ezenarrok egindako gestioari eman dion babes eta estalduragatik eta, era berean, Getariako herriari eta Udal oposizioari ezkutatutako informazioa dela eta».
Legebiltzarreko txostenean aztertu gabe gelditu diren beste zenbait irregulartasun ere badirela adierazi zuten: Josu Ezenarrok alkate zenean eginiko «lur publikoen lagapen ilegala Balenciaga Fundazio pribatuari edota museoaren dimentsioak nahikoa justifikatu gabe handitzeko erabakia onartzea».
«Argi geratu da EAJk zuzentzen dituen Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala direla eskandalu honi bide eman, babestu eta bultzatu dutenak, beraz, hauei dagokie ardura politiko nagusia».
«EAJ alderdiaren barruan dagoen ustelkeriaren adibide garbia ezagutu behar izan dugu getariarrok. Irungo ogasuna, Guggenheim museoko auzia eta beste hainbat eta hainbat kasuri gehitu beharrekoa».