Lisabök «Ezlekuak» utzi eta bira agurtuko du lagunen berotasunak inguratuta
Anartz BILBAO | BILBO
Bost urteko isilunearen ostean, Irungo Lisabö taldea oholtzara igo zen berriro 2006ko abenduaren 29an, Durangoko Plateruenan, «Ezlekuak» lana plazaratu aurrean. Geroztik bi urte luze pasatu dituzte hara eta hona, orain, boskoteak gelditu eta atseden hartzea erabaki duen arte.
Bira bukaera festa handi batez agurtuko dute gaur irundarrek, herriko Tunk! aretoan, eta Karlos Osinaga taldeko gitarra jotzaile eta abeslariarekin jarri gara harremanetan, taldearen orainaz eta etorkizunaz galdetzeko, «Ezlekuak» lanaren biratik hasita. «Denbora asko jo gabe egon ostean bueltatu, eta kostatu zaigu berriro gelditzea, bira luzatu egin da-eta. Bi urte hauetan esfortzu eta lan handia egin dugu baina oso sentsazio onak utzi dizkigu eta kontent gara, batez ere bidean ezagutu dugun jende eta berriro ikusi ditugun aspaldiko lagunengatik». Gainera, Bidehuts zigilua ere Lisabören azken lanarekin batera sortu zen orain bi urte, eta «eskutik egin dute bidea».
Lisabö taldeak gure mugetatik at ere izan du arrakasta. «Egia esateko, «Ezarian» lehen lanetik nabaritzen zen zer edo zer, eta jendetzak biltzen ez ditugun arren, batzuetan kanpoan arreta gehiago jaso izan dugu hemen baino». Azken biran, esaterako, Bartzelonako Primavera Sound jaialdi entzutetsuan jo du taldeak mila lagunen aurrean, eta Madrilen «sold out» txartela ere eskegi du, jendea areto kanpoan sartu ezinik gelditzeraino. «Bartzelonan beti izan ditugu zaleak, Madril, Sevilla, Zaragoza... oso gustura atera izan gara beti, haize berrien bila, eta jaso dugun harrera oso polita izan da».
Hamar urteko ibilbidea osatu du dagoeneko taldeak, eta beraientzat berezia izango du gaur gaueko festa. «Oso ziklo aberats eta garrantzitsua ixten dugu, bai musikalki bai pertsonalki, eta kontzertuak karga emozional handia izango du guretzat». Horretarako, oso gertuko egin dituzten bi talde handi ere gonbidatu dituzte oholtzara. Experience da bata, «Diabologum aurreko taldearen zale ginen eta orain dela sei-zazpi urte ezagutu genituen Tolosakoak. Harreman handia egin dugu, denborarekin trinkotuz joan da eta elkarrekin lan ere egin dugu». Vision Tunel da bestea. «Zaragozarrak orain dela hiru urte ezagutu eta asko maite ditugu. Horregatik, talde hauek hurbil nahi genituen, denon artean gau berezia egiteko». Festari bukaera ematen, Asli Poore disko jartzailea arituko da, «Ipar Euskal Herriko kolektiboa... edo beste mundukoa, kar, kar».
Gertuko lagunak
Lagunekin jarraituz, «kontu honetan aurki dezakezun luxurik handiena da hori, bidean ezagutzen duzun jendea, hori da gure saria» dio Osinagak. Lisaböko taldekide Aidak -«Ezlekuak» grabatu aurretik utzi zuen taldea- bateria joko du kantu pare batean aspaldiko partez, eta Anari zein Michel Cloup (Experience) ere bertan izango dira, kantari. «Eta oraindik ez dakigu Xabi Erkizia agertuko ote den!».
Behin bira bukatuta... «ziklo hau itxi eta ikusiko dugu zer datorren, denborak esango du. Badago aurrera jarraitzeko asmoa baina une honetan nahiko nekatuta gaude. Egia esan, ez gara inoiz aurreikuspenak egitekoak izan, eta izan daiteke hurrengo diskoa datorren urrian edo 2020an ematea».