GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iker Azkue, Iñaki Mondragon eta Karmele Iribar Getariako Hautetsi Independentistak

«Getariaren 800. urteurrena (1209-2009)»: zer dugu ospatzeko?

Getaria, Nafar Erreinutik Gaztelako Erreinuaren menpe egotera igaro zen duela zortzirehun urte, badirudi 1209 urteko irailean eman zitzaiola «Carta Puebla» delakoa

Duela 800 urte aldaketa nabarmen bat izan zen Getarian, Getarian ez ezik, orduko Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ere bai. Ordura arte gaur egun Euskal Herriaren mapa osatzen duten probintzia guztiek Nafarroako Erreinua osatzen zuten, Iruñea zelarik bertako hiriburua. Nafarroako Erreinuak izaera propioa zuen, eta beste edozein erreinu bezala ezagutua zen garai hartako Europaren egituran. Geroztik, eta batez ere azken hamarkadetan, euskaldunok nolabaiteko erreferentzia zantzua aurkitu izan dugu Nafarroako Erreinuan, agian garai hari euskal identitatearen hainbat elementu antzematen dizkiogulako, Ebrotik Aturri ibaira arteko lur zatian, euskararen erabilera eremua, eta errekonozitutako estatu propio bat, adibidez.

XIII. mendean zehar Gaztelako Erreinuaren globalizazio edo hedapenaren harira, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa Gaztelako Koroaren menpera igaro ziren. Hedapen hau bultzatzeko erreminta gisa erabili zuten lurraldean beraien herriak fundatzea edo, Getariako kasuan bezala, birfundatzea. 1500. urte inguruan, Nafar Erreinuaren azken zatia, (egungo Nafarroa) izan zen Gaztelako Armadak militarki konkistatu zuena. Ordutik gaur egunera arte igarotako mende guztietan zehar euskal herritarrok gure nortasunak nola egin duen atzeraka ikusi dugu.

Getaria, Nafar Erreinutik Gaztelako Erreinuaren menpe egotera igaro zen duela zortziehun urte, badirudi 1209. urteko irailean eman zitzaiola «Carta Puebla» delakoa. Data horretan eman zion Getariari «hiri gutuna» Gaztelako Alfontso VIII.ak. Gipuzkoan, Donostia eta Hondarribia izan ziren izaera hori jaso zuten gure aurreko herriak, eta ondoren Mutriku eta beste batzuk etorri ziren. Gipuzkoako herri hauen hiribildu izaera, Nafar Erreinuko «Lizarrako Forua» delakoan oinarri hartuta eman zien Gaztelako erregeak.

Ezker abertzalearen ustez 2009. urtea data garrantzitsua da, eta hori gure herriaren historiari errepaso bat emateko aprobetxatu behar dela uste dugu. Batez ere garrantzitsua da getariarrok gure herriaren historia ezagutzea eta 800. urteurrena dagokion testuinguruan kokatzea. Bestalde, garbi dugu ordutik aurrera gure kulturaren eta nortasunaren atzerakada eragin zuen data ez dela ospatzeko modukoa.

Gaur egun ere, zapalkuntza gogorra bizi dugu, mende ugariren ondoren oraindik ere onartzen ez gaituzten bi estatuen aldetik. XXI. mendean, oraindik ere gatazka luze baten lekuko gara, hamarkada luzetako gatazkara kondenatuak izan gara gure herriaren askatasuna eskuratzeko borroka egiteagatik.

Aipatutakoaren harira, ezker abertzaleak urtetako gatazka gainditzeko proposamen bat aurkezten du: «Marko Demokratikorako proposamena», hain zuzen ere, azken hilabeteotan behin eta berriro zabaltzen ari garena alegia, bertan gutxiengo demokratikoak jasotzen dira, gatazka sortzen duten bi korapilo nagusiei irtenbidea emateko (lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea). Balio beza beraz, gure historiaren errepaso honek etorkizunerako Euskal Herri aske baten bidean pausoak aurrera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo