KAZETA,INFO Goizeder Taberna 2001/12/22
Nori egin zaio iruzurra?
Finantza munduan iruzur afera zikin zonbait agertzen dira azkenhilabeteetan; Madoff izena du azkenak. BBVA, Santander, Banesto, BNP eta, maila apalago batean, Crédit Agricole bankuak ukitu ditu afera horrek.
Hots, herritar orok erabiltzen ditugun bankuak. Lehen, ezkerreko militante sutsu batzuek salatzen zutena denen ahotan dabil orain. Laster herritar zonbaitzuren sakelara helduko da.
Frantziar estatuan ari den Finantza Merkatuko Agiteak iragarri duenez, ehunka milioi euroko galerak jasan beharko lituzkete aurrezle frantsesek.
Hasiera hasieratik, zuhurtziaz ibili dira bankuak eta beren komunikazioa ongi kontrolatu dute. Nahiz eta beren lana diru kopuruak kondatzea izan, ez dituzte segidan eman galeren kopuru zehatzak. Afera horrek izan duen oiartzuna handituko zela beldurrez, segurrenik.
Baina orain, jakina da: herritar sumeek ere jasan beharko dute banku handien etekin gosea. Ipar Euskal Herriko Crédit Agricole agentzien arduradunak, Emmanuel Charitton-ek, hala esplikatu du: bezeroak baldin badaki zeintzuk ziren arriskuak, berak asumitu beharko ditu galerak, ez baditu arriskua ezagutzen, bankuak egin beharko du.
Bankuetako espezialistek berek, iduriz, ikusi ez duten iruzurra, nola ikusiko zuten bezero sumeek, batez ere, bankuek ez bazieten ongi aholkatu ?
Horrek hausnarketa bat eragiten dit: hots, nolaz, finantza munduko espezialista handienek ere ez duten ikusi iruzurra. Afera hori argitara atera denean, analista anitzeko aitzinetik ikusten ahal zela adierazi dut, alta.
Eta, bururatzen zaidan beste galdera: frantses agitariek bankuak laguntzeko plan bat aurkeztu zuten joan den irailean, 360 millar eurokoa. Indar berdina egiteko prest izango ote da Sarkozy jauna, herritar sumeak laguntzeko? (...)