BERRIA Iñigo Aranbarri 2001/12/21
Etxeaz
Txintxin hotsa entzun orduko harrotu zaizkio lanbidekoak musikari unibertsalari. Atera dira Paristik natorren guztiak kalera, eta salatarien atzamarrek sosen banaketa bulegoa erakusten dute, ez soinujole zerutiarra: burutik egin zaie! Gizarte honek jasan behar ez lukeen kultura politika da!
Baina ni, musikari lagunok, diru banaketak bai, baina Etxeak berak kezkatzen nau barnerago.
Eta ez, eman dezagun baten batek pentsa lezakeelako horrela, gaur Miguel Bose sartu zaigulako egongelan, bihar Argentinako kantari bat sukaldean eta etzi Burkina Fasoko djembe-jole bat aurkituko dudalako neure ohatzean. Ez da zaila asmatzea, ordea, zergatik ekin dioten orain Atharratzeko jauregia, Iturengo arotza edota Arratiako zekorrak maitemin begiz biltzeari.
Arrazoi osoa duzue: eskandalua da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailetik kendutakoa Ana Beleni ematea.
Arazoa diruaz haragokoa da baina. Kontua da ez dudala ikusten honek guztiak zer duen, esan zaigun bezala, «interkulturalitatea sustatzeko proiektutik». Azal dezadan. Nik uste nuen interkulturalitateak bestearen ezagutza zuela abiapuntu, berdinen arteko begirunezko zera bat, nola esan, gozamen trukea, har ezazu hau, erakutsidazu hori, elkarren munduak trentzatuta egingo ginela denok Etxeko. Umildadeak alderantzizko bidera behartzen gintuelakoan nengoen. Duintasuna bezalako hitz higatuak datozkit. Gu euskaldun moduan agertu. Haiek, bat bedera bere etxeko hizkuntzan. Dirua, komunikazioa errazteko eta sarea osatzeko. Nik uste nuen Dulce Pontes Barakaldoko antzokian portugesez entzuteko eta gozatzeko aukera dugun bezalaxe, Joseba Tapia Quebecen, Fermin Muguruza Tokion edota Anari Madrilen euskaraz aritzea zela interkulturalitatea. Sarea sendotu ahala, denborarekin, Thailandia turismo sexualarengatik baino bertako musikariengatik, idazleengatik, zinema zuzendariengatik ezagutzeko. Eta utzidazue azken adibide bat jartzen aurten hil direnez biak, Mahmud Darwish eta Aime Cesaireren obra euskaraz irakurtzeko aukera izatea. Hori baino ez. Aukera esan dut, bai. Hasteko, nahikoa baitut horrekin analfabeto izateari uzteko. (...)
Hala ere, eta horregatik hain zuzen, lagun musikariok, zuetako askok interkulturalitatea beste zerbait dela erakutsi didazuelako, nik ere ez dut Afrika, Nepal edota Espainia euskaraz eskatzen dituen Etxean bizi nahi.
Bidali gaituzte batetik. Eraikiko dugu beste bat.