GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

ACB Bilbao Basketek Bartzelona ahalguztiduna jasoko du Bizkaia Arenan

Indartsuagoek ere egin dute negar

Txus Vidorretak talde osoa izango du bere esanetara denboraldiko unerik gozoenean iritsiko den talde kataluniarrari aurre egiteko.

p039_f01_555x555.jpg

 

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Futbolean bakarrik ez, saskibaloian ere izen beldurgarria bilakatu da Bartzelona. Azken urteetako tristura eta negarrak ahaztu nahian, talde benetan indartsua osatu du Joan Creus handiak bulegoetan eta Xavi Pascual bere konfiantzako entrenatzaileari lantzeko «genero» bikaina jarri dio esku artean. Hasiera gorabeheratsua izan arren, kataluniarrek hartu diote tamaina denboraldi berriari eta bai ACBn -bigarrenarekin berdinduta, 10-3ko balantzearekin- bai Euroligan -B multzoko lidergoan, 7-1eko balantzearekin eta Siena-Panathinaikos bikoteari aurrea hartuta- emaitzak iritsi dira. Gaurko bisitaria, beraz, ez da edozein izango.

Baina ez daitezela fio, Bilbao Basketek behin baino gehiagotan erakutsi izan baitu aurkari handien aurrean hazi egiten dela. Eta dagoeneko ongi ikasia behar luke Bartzelonak ere. Datu bat baino ez: kataluniarren aurka etxean jokatutako azken bost partidetatik lau irabazi ditu talde bizkaitarrak.

Navarro, Andersen, Basile eta enparauei gauzak oraindik eta zailago jartzen saiatzeko, beste bi faktoreri ere zukua atera beharko dio etxeko taldeak. Batetik, partida BECeko Bizkaia Arena erraldoian jokatzearen abantaila. Gaur ere Barakaldo aldera 12.000 ikusle gerturatzea espero dute taldeko agintariek, nahiz eta norgehiagoka telebistaz eskainia izan.

Bestetik, talde osoa egoera fisiko bikainean izatearen abantaila. Dirudienez Fred Weis erraldoiak gainditu ditu azken asteotan izan dituen arazoak eta jokalari frantziarra bere bertsiorik onenera hurbiltzea beharrezkoa izango dute bilbotarrek Bartzelonako piboten jokoa gelditzen saiatzeko. Barton, Santiago, Andersen eta Vazquez laukote beldurgarria izan liteke -Trias bazterrean utzita- bai puntuak sartzen, bai errebotean agintzen, bai aurkariak beldurtzen.

Lakovic ez... baina Sada bai

Ez, peronea pitzatuta duen antolatzaile esloveniarrak ez du gaur ere jokatzerik izango, baina ordezko paregabea atera zaio bat-batean, galdetu bestela aurreko astean Bartzelonan 87-67 galdu zuen Real Madrili. Victor Sada kataluniarrak bikain gidatu zuen taldea hasiera-hasieratik eta saski barruan amaitu zuten hamabi baloi banatu zituen bere taldekideen artean.

Horren aurrean, Txus Vidorreta entrenatzaileak defentsan eskatzen zuen «hobekuntza» oso garrantzitsua izango da. Salgadok eta Blumsek Sada lehen minututik itotzen saiatu behar dute, aulkian beste antolatzaile petorik ez baitute ekarriko bisitariek. Basile, Barrett, Navarro eta Grimau izan daitezke leku hori hartzen saiatu daitezkeenak, horietako inork ez du lortuko Sada edo Lakovicen antolaketarako gaitasuna. Eta etxe handiena ere, oinarririk gabe...

B.BASKET-BARCELONA
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo