GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Oiartzunek eta Añorgak tinko jarRaitzen dute nesken futbolean

Emakumezkoen futbolean tradiziorik inork izan badu, Añorga eta Oiartzun dira horiek. 27 urte pasatu dira nesken taldeak abian jarri zituztenetik, eta makina bat garaipen erdietsi dituzte. Añorga da, esaterako, nesken futbolean titulurik gehien batu dituen euskal taldea.

p040_f02.jpg

Jon LEUNDA

Emakumezkoen futbolak badu tradiziorik gure artean. Añorga eta Oiartzun nabarmentzen dira horretan. Bi herri horietan nesken futbol taldeak sortu zituztenetik joan da jada mende laurdena, baita 27 urte ere. Talde hauek, gainera, ez dute soilik tradizioa, Euskal Herriko onenetakoak izan dira, eta orain ere badira.

Bi taldeetatik Añorgak du titulurik gehien. Hiru Liga eta hiru Kopa irabazi ditu. Oiartzunek, aldiz, bi Kopa eta Liga bat. Gaur egun biak Lehen Mailan ari dira. Añorgarrek urte askotan gertu izan dute Superligarako igoera fasea, baina ez dute lortu. Aurten taldea eraberritu egin dute, eta sailkapenaren erdialdean dabiltza.

Oiartzuarrak, aldiz, Lehen Maila horretan lehen postuan daude, eta gauzak ikaragarri okertzen ez badira, aurten Superligarako igoera fasea jokatzeko moduan izango dira, lehen postuan baitaude, atzekoei tarte handia ateraz. Datorren urtean, Realarekin gipuzkoarren arteko derbia jokatzeko ilusiorik ez da falta Oiartzunen.

Tituluei begira jarrita, Añorgak, esan bezala, hiru Liga irabazi ditu, zehazki, 1991-92, 1994-95 eta 1995-96 denboraldietan. Kopak ere beste horrenbeste izan dira: 1989-90, 1990-91 eta 1992-93 denboraldietan. Oiartzunek Liga bakarra bereganatu du, 1990-91koa. Kopak, berriz, bi izan dira: 1986-87 eta 1987-88 denboraldietakoak.

Bi talde hauen sorrera ikastoletan dago, handik hasi baitziren biak, eta azkar ekin zioten indarra hartzeari. 1983-84 denboraldian, Amasorrain Añorga taldeak, artean ikastolaren izena ere erabiltzen baitzuen, Estatu espainoleko finala jokatu zuen, garai hartako talderik handienetakoaren aurka, Karbo Coruña taldea, hain zuzen. Gipuzkoarrak oso gazteak ziren, baina lan bikaina egin zuten. Riazorren 4-2 galdu zuten, 1-2 aurretik egon ostean, eta gero Atotxan, 2-1 irabazi, baina ez zuten titulua eskuratu. Tartean Oiartzungo jokalariak ere baziren. Orduan hasi zen nesken futbola zabaltzen.

Ligaren sorrera

Hasiera batean ez zen gaur bezalako Superligarik. Herrialde bakoitzak bere txapelketa zuen, eta gero onenek jokatzen zuten Estatu espainoleko Txapelketa. Liga, lehen aldiz, 1990-91 denboraldian jokatu zuten, Ohorezko Maila izenarekin.

Oiartzun izan zen lehen Liga horren irabazlea: «Sekulakoa izan zen. Azkeneko partida berdintzea nahikoa genuen, eta berdindu egin genuen. Hiru talde geratu ginen berdinduta, eta tartean zen Añorga. Doi-doi, baina geurea izan zen lehen Liga hura», azaldu digu Garbiñe Etxeberriak, orduko Oiartzungo jokalari eta gaur egun Realeko nesken taldeko koordinatzaileak. Urte hori gogoangarria izan zen euskaldunentzat, Kopa, Añorgak irabazi baitzuen. Hurrengo urtean ere, beraiek lortu zituzten Liga eta Kopa.

«Garai hartan Añorga eta Oiartzun ginen talderik onenak, bai Euskal Herrian, eta bai hemendik kanpo», esan digu Marian Arizetak, orduko Añorgako jokalariak. «Taldeen mailan lortu genituen tituluez gain, Gipuzkoako selekzioarekin lortutakoak ere asko ziren, eta ia jokalari guztiak bi talde horietakoak ginen», gaineratu du.

Tarte horretan bitxikeriak ere asko izan dira. Oiartzunek lortu zuen lehen Kopa Añorgari irabazi zion, eta Astigarragan jokatu zen final hura. Hasiera, ordea, ez zen erraza izan. «Hiru ordu laurden beranduago hasi ginen. Aurreko urtean ere Kopako finala jokatu genuen, baina badirudi Federazioak ez zuela agindutakoa ordaindu, eta gure entrenatzaileak planto egitea erabaki zuen. Tentsio handiko uneak izan ziren, baina azkenean jokatu genuen, eta irabazi egin genuen», gogora ekarri du Garbiñe Etxeberriak.

Urte batzuk Ohorezko Mailan aritu ostean, Oiartzunek uko egin behar izan zion Liga horri, diru arazoak medio. Urte gutxi batzuk geroago, maila hori desagertu egin zen. Geroago, azken hamarkada honen hasieran, itzuli zen Liga hori, oraingoan Superliga izenarekin. «Añorga taldea gonbidatu zuten hori jokatzeko, baina diru asko behar zela-eta, uko egin genion», esan du Iñaki Otabitarte presidenteak.

Gaur egun emakumezkoen futbolak bizi duen egoeraz galdetuta, asko hobetu dela onartu dute Arizetak eta Etxeberriak, baina ohartarazten dute ere bai, oraindik asko geratzen dela egiteko: «Mutilen talde handi horietan neskenak ere ateratzen ari dira, eta horrek mesede egin dio. Komunikabideak ere tartean sartu dira eta nesken futbola ere ezagutzera ematen ari da, baina asko geratzen da egiteko», esan du Etxeberriak.

Nesken futbola profesionala izatea oso zaila ikusten dute oraingoz, nahiz eta talde batzuk badiren, baina garbi dago laguntza behar dutela: «Jendeak ohartu behar du, Superligan jokatzea mutilen Lehen Mailan jokatzea bezala dela. Bidaiak berdinak dira, entrenamenduak ere bai, baina sariak oso ezberdinak. Ikasten ari zaren bitartean eraman dezakezu, baina lanean hasten zarenean, zaila da Superligako abiadurari jarraitzea», onartzen du Garbiñek. «Hala ere, asko aldatu da egoera. Gure garaian ia inork ez zituen neskak entrenatu nahi, gutxitzat jotzen zuten, eta azkenean lagunen bat edo gurasoren bat izaten zen entrenatzailea. Gaur egun edozeinek entrenatu nahi ditu neskak, eta hori ere urrats garrantzitsua da». Bestalde, jokalarien aldetik, orain dela urte batzuk baino konpromiso gutxiago ikusten diete neskei Arizetak eta Etxeberriak, baina onartzen dute, mutiletan ere horrela dela.

Itxaropena

Etorkizunari begira jarrita, Oiartzunen egoera oso ona da. Lehen Mailan lehen postuan daude, atzekoak oso aparte dituzte, eta Superligarako igoera fasea jokatzetik oso gertu daude: «Oraindik asko falta da, baina onartu behar da, gauzak oso ongi bideratuta daudela. Ilusio handia dago, bai nesken artean, bai herrian bertan ere», azaldu du Mikel Irigoien presidenteak.

Eta mailaz igotzen badira zer gertatuko den ere esan zigun: «Superligara igotzen bagara, igo egingo gara. Sari bat izango da denontzat, bai neskentzat, bai jarraitzaileentzat». Izan ere, hori lortuko balute, heldu den urtean Reala, Athletic, eta Lagunak hor egongo dira, baita Rayo, Levante, Espanyol, Barcelona, Atletico de Madrid... talde handi asko: «Hori opari handia litzateke denontzat, eta lortzen badugu, nahiz eta jakin ez dela erraza izango, ez diogu uko egingo, uste dut denontzat ederra izango litzatekeela», onartzen du Irigoienek.

Añorgan, aurten egoera aldatu da. Lehen Mailan punta-puntan ibili dira urteotan, baina aurten erdialdean dabiltza: «Zaila da urtero hor eustea. Denboraldiz denboraldi beti daude Realera doazen jokalariak, eta hori oso berri pozgarria da, gauzak ongi egiten ari garen seinalea baita. Horri, aurten uztea erabaki duten jokalariak gehitu behar zaizkio. Gazte asko dauzkagu taldean, eta eraberritze prozesu horretan gaude», esan du Iñaki Otabitarte presidenteak

Añorgarren artean, ez dute epe laburrean Superligara igotzeko helbururik: «Une honetan ezin dugu horretan pentsatu, ezinezkoa baita, ekonomikoki ezinezkoa da guretzat. Egunen batean aukera hori heltzen bada, eta igoera lortuko bagenu, aztertu beharko litzateke, ate asko jo beharko genituzke, baina gauzak asko aldatu beharko lirateke, maila horretan aritzeko diru asko behar baita», nabarmendu du presidenteak.

Gipuzkoan orain dauden jokalariez galdetutakoan, zera erantzun du Etxeberriak: «Uste dut berriro ere maila handia dagoela. Gure garaian, bai Oiartzunen eta bai Añorgan ikaragarrizko maila zegoen, baina gerora izan da beherakada bat. Orain berriro ere gorantz egin du. Realean nesken taldea sortzeak ilusioa piztu du», azaldu du Realeko nesken taldeko koordinatzaileak.

Bi taldeek garbi daukate lehen taldea mantentzeko, beharrezkoa dela harrobi ona izatea. Horretan ari dira, beheko mailetan ere neskei aukerak ematen, egunen batean lehen lortutako balentria guztiak errepikatzeko itxaropenez.

Olatz Yeregik Realarekin lortutakoa errepikatzeko aukera du Oiartzunekin

Olatz Yeregi da gaur egun Oiartzunek duen atezainetako bat. Azpeitiarra eskarmentu handiko atezaina da, aurretik Realean aritutakoa baita. Talde zuri-urdinarekin Superligarako igoera lortu zuen, eta maila nagusian denboraldi bat ere egin zuen.

Bera pozez zoratzen dago Oiartzunen: «Oso gustura nago, giro bikaina dago, eta futbolean jokatzeko oso leku ona da», esan digu azpeitiarrak. Oiartzunen nesken futbolerako tradizio handia dagoela ere onartzen du: «Oso ongi zainduta dago taldea, ikusten da hemen nesken futbolerako ohitura handia dagoela», esaten du.

Realarekin maila nagusira igotzea lortu zuen jokalari bakarra ez da Oiartzunen, taldean baitaude Mugarza eta Egea ere. Haiek ere donostiarrekin maila nagusian aritutakoak dira. «Sekulako ilusioa egingo lidake talde honekin Superligara igotzea. Hala ere oraindik asko falta da. Ongi goaz, baina edozer gerta daiteke. Lehenik, igoera faserako sailkatu egin behar dugu eta gero igo, bi kontu ezberdinak dira. Igoera fasea oso partida gutxitara izaten da, eta igotzea oso zaila izaten da. Orain, ordea, ez dugu horretan pentsatu behar, lehenengo Lehen Maila honi begiratu behar diogu, eta goazen bidetik jarraitu», esan du.

Berak urte mordoa daramatza futbolean, eta nesken egoerak hoberantz egin duela uste du: «Asko hobetu da, lehen baino hobeto daude gauzak, baina asko falta da egiteko. Lan handia dago aurretik», ohartarazten du.

Lehen Mailako mutilen taldeak nesken futbolean sartzea ere garrantzitsua dela onartu du: «Dudarik gabe, horrek asko laguntzen du ezagutzera emateko, baina nire ustez, gehiagok ere sartu beharko lukete», esaten du Olatzek. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo