GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Zenbakiak egitea ekimen iraultzailea bihurtzen denean

Urteak behatz artean ihes egiten digun honetan matematika baitezpadako tresna bilakatu zaigu. Zenbakiek gidatu gaituzte udako epeltasunetik negu gorrira daraman pasabide estuan.

«Barkatuko nauzue, ez naiz gai izan enpresa salbatzeko». La Rochelleko enpresari baten epitafioa duzue hori. Langile gisa hasi eta ahalegin handiz itsasontzien eraikuntza alorreko tailer baten patroia bilakatu zen gizonaren azken aitormena.

Joël Gamelin zuen izena eta bulegoan bertan bere buruaz beste egin zuen Eguberri bezperan. Abenduaren 5az geroztik auzitegietan sarturik dago 25 urte lehenago sortu zuen enpresa. Ez da txantxetako konpainia Gamelinekoa, ez pentsa. Bere sorreratik 150 itsasontzi uretan jartzen lagundu duen usina duzue patroia galdu duena. Bistan denez, finantzetako marrazoak kontrolik gabe ugaldu diren mundializazio itsasoan biziki lanjerosa bihurtu da bidaia egitea.

Gobernu frantsesak banketxeak lagundu ditu, baita autoak egiten dituzten lantegi erraldoiak ere... laster batean higiezin negozioa berpizteko neurriak hartuko ditu, agian? Baina, nora joan dira diru erakundeetara emandako sari horiek? Nolatan azaldu loteria eskuratu ostean banketxeek benetako lana egiten dutenei bermeak emateko orduan agertzen duten jokabide zekena?

Itsas bazterrean zein lehorrean, arrantzan edo laborantzan aritu, hotza nagusitzen da. Portuetako xantieretan zein usinetan langabezia keinuka ari delako. Izerdiarekin ogia irabazten dutenen artean larritasuna nabarmena da, ez ordea lurrin karioa erabiliz sistemaren ustelkeria estaltzen dutenen klubean.

Zenbakiak egiteko tenorea da. Baina ez boteredunen poltsikoetan pentsatuz, orain arte bezala, baizik eta zifren atzean gordetzen diren pertsonak aintzat hartuz. Karriketako Hildakoak izeneko taldeak lanari ekin dio. Mediapart agerkari digitaleko kazetarien laguntzaz Errepublikako lanbroak ezabatzen dituen bizitzak argitan ezarri ditu. Nola? Egunero etxerik gabeko pertsona bat hiltzen dela Frantzian irudikatzen duen mapa osatuz eta sarean ezarriz. Hilaren 21 arte gutxienez 337 herritar kale gorrian hil dira. Barkatuko nauzue, ez naiz gai izan sentitzen dudan lotsa zuei ezkutatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo