Gizarteko alor anitzetako langileek bat egin dute Etxeraten manifestuarekin
Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko datorren larunbatean Bilbon izango den manifestazioaren karietara kaleratutako manifestuak 2.700 atxikimendu lortu ditu jada. Besteak beste, gizarteko esparru anitzetan lan egiten duten pertsonek eman diote babesa.
GARA |
Medikuak, kimikariak, topografoak, biologoak, historialariak, kazetariak, soziologoak, abokatuak, musikariak, bertsolariak, aktoreak, dantzariak, udaltzainak, apaizak, arrantzaleak, etxekoandreak edota kale-garbitzaileak. Gizarteko esparru oso ezberdinetan jarduten duten ehunka pertsonek babestu dute urtarrilaren 3an Etxeratek euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egingo duen manifestazioa. Horren harira kaleratutako manifestuak 2.700 atxikimendu lortu ditu dagoeneko.
Iragan asteetan Hezkuntza arloko langileek, abokatuek eta idazleek euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria egin zuten, eta, oraingoan gizarteko alor ugaritan jarduten duten norbanakoen txanda iritsi da. Hala, manifestuarekin bat egin dutenen artean, Aingeru Moreno margolaria, Ainhoa Amat medikua, Andoni Olariaga filosofoa, Mario Zubiaga EHUko irakaslea, Martin Orbe eta Felix Placer apaizak, Jon Maia eta Unai Iturriaga bertsolariak, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea eta Gari Mujika eta Onintza Enbeita kazetariak daude, besteak beste.
Guztiek, euskal preso politikoen senideak biltzen dituen elkarteak plazaratutako manifestuaren funtsa diren hiru es- kakizun nagusiekin bat egin dute: gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera uztea eta euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea.
Espetxe politika «krudela»
Adierazpen horretan, Etxeratek salatzen du Estatu espainoleko eta frantseseko espetxeetan sakabanatuta dauden 750 euskal preso politikoak «egoera kezkagarrian» daudela. «Presoak pertsona bezala suntsitu nahi dituen espetxe politika krudela- rekin jarraitzen dute Gobernu espainolak eta frantsesak, presoak bakartuz, senitartekoekin komunikazioa zailduz eta oinarrizko eskubideak zangopilatuz», zehazten du.
Era berean, salbuespen neurri horiekin senide eta lagunak ere zigortzen dituztela salatzen du, horiek «astero autoarekin milaka kilometro egitera» behartzen baitituzte. «Sakabanaketak presoen senideei ondorio ekonomiko eta fisiko nabarmenak eragiten dizkie, kilometro hauek guztiak egiteak dakarren arriskuaz gain; baina hala ere ondorio larriena heriotza da, errepidean hil diren hamasei seni- deek erakusten duten bezala».
Etxeratek deituta euskal preso politikoen eskubideak bermatzea aldarrikatuko duen nazio manifestazioa Bilboko kaleetan zehar ibiliko da datorren urtarrillaren 3an.