«Broadway txinatarra» eraikiko dute Beijingen «antzokietako turismoa» erakartzeko
GARA | NEW YORK
Nederlander sendiak, Broadwayko antzoki batzuetako jabeak, Shibo Investment Holding enpresa txinatarrarekin batera New Yorkeko etorbide mitikoa berreraikiko dute Beijingen, non 32 antzoki sortuko dituzten 600.000 metro koadroko espazioan. Ekimen horren bultzatzaileen arabera, «2012. urte inguruan, egitasmoa amaitzen denean, Beijingera etorriko den turismoari begirako erakarpen gune izatea espero dugu».
Beijingo hedabideetan «Broadway txinatar» gisa ezagutzen den proiektuak -nahiz eta oraindik behin betiko izango duen izena ez den ezagutzen- antzoki nagusi bat izango du, 2.000 ikusle hartuko dituena, eta areto txikienek gutxienez 300 lagun biltzeko gaitasuna izango dute. Horrez gain, hotelak, saltoki-guneak eta beste hainbat eraikuntza ere aurreikusita daude.
New Yorkera begira
Sustatzaile txinatarrek Nederlander familiaren esperientzian jarri dute euren konfiantza osoa, egitasmoa onuragarria izan dadin. Izan ere, Nederlander sendia, besteak beste, Gershwin, Palace, Marquis, Minskoff eta National antzokien jabe baita. Azken urteetan Broadwayen arrakasta izan duten ikuskizun musikatuak -»Harspair» eta «Chicago» kasurako- urte gutxitan ikusle txinatarrengana irits litezke, oraindik ez baitaude ohituta halako ikuskizunetara.
New Yorken ez bezala, egitasmo hori ez da Beijingeko erdigunean eraikiko, hiriburuko mendebaldean baizik, Haidan auzoan, gaur egun turismotik urrun geratzen den inguru batean. Horrez gain, sortzaileek artearen gune berria konposatzaile eta artisten topagune izatea nahi dute, hiriburuari kutsu «kosmopolita» gehitzeko.