EAJk batzoki lohizundarrari eraso izana gaitzetsi du
GAR A |
Joan den larunbat goizaldean EAJk Donibane Lohizunen duen batzokiaren ateari su eman ziotela salatu du alderdi jeltzaleak.
Ipar Buru Batzarreko lehendakari Claire Nobliak egoitzatik 30 metrora euskal selekzioaren aldeko larunbateko manifestazioa iragartzen zuen pintadarekin lotu du erasoa eta argiki erran du erasotzaileak eta pintadaren egileak «pertsona berak» izan direla.
Nobliak adierazi duenez, «eraso hau justifikaezina da». Suaren eraginez batzokiko ateak kalteak izan zituen eta zura belztua geratu zen, eta IBBko buruak gaineratu duenez, «su- hiltzaileen azkartasunak sua eraikin osora hedatzea ekidin zuen».
«Onartezina»
Horrenbestez, «Euskal Herriaren etorkizunean sinesten duen herritar ororentzat erasoa onartezina da», adierazi du EAJko ordezkariak.
Bere hitzetan, «gorrotoak eta ondasunen eta pertsonen aurkako erasoek ez dute inoiz ahalbidetuko gure lurraldearentzat irtenbide iraunkorra bilatzea» eta gogor salatu du bere alderdiaren aurkako ekintza.