GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mikel Ibañez preso gaixoa aske uzteko eskatzeko hainbat ekimen egin dituzte

Mikel Ibañez preso politikoa aske utz dezaten eskatzeko hainbat protesta ekimen egin dituzte Elgoibarren. Larunbatean 75 lagunek giza katea egin zuten, eta igandean Lagun Onak eta Elgoibar futbol taldeetako jokalariek pankarta bat atera zuten. Ibañez preso dago bere etxean.

GARA |

Etxean preso dagoen Mikel Ibañez euskal preso politiko elgoibartarraren askatasuna exijitzeko hainbat ekimen burutu ziren herrian joan den asteburuan. Larunbatean, Mikelen Lagunak taldeak antolatuta, 75 pertsonek giza katea egin zuten Elgoibarren egunotan egiten ari diren Gau Zahar feria jendetsuan. Era berean, igandean, presoaren aldeko ekimenekin jarraituz, herriko Mintxeta futbol zelaian, Elgoibar eta Lagun Onak taldeen arteko partidua hasi aurretik, jokalariek Ibañezen egoera salatzeko pankarta atera zuten bertaratu ziren hainbat ikuslerekin batera.

Mikel Ibañezek minbizia dauka eta kartzelatik atera eta bere etxera eraman duten arren, ezin da bertatik irten ospitalera joateko ez baldin bada, eta halakoetan ere, ertzainen zaintzapean egon behar du.

Bisita Juan Mari Olanori

Bestalde, larunbatean hainbat zaldibiarrek bere herrikide Juan Mari Olano euskal preso politikoari bisita egin zioten. Olano bakartuta dago Segoviako espetxeko ziega batean, eta horrenbestez, bidaiariek ezin izan zuten harekin hitz egin. Zaldibiarrek, trikitia eta Gabonetako abestien letrak eskuan hartuta, kartzelari itzuli osoa eman zioten, eta hainbat suziri bota zituzten beren herrikideak ikusiko zituelako esperantzarekin.

Bestalde, Zumaian presoen alde baraualdia egin duten gazteek larunbatean ertzainen oztopoak pairatu zituztela salatu dute. Azaldu dutenez, poliziek hiru lagun identifikatu zituzten. Atzo, presoen alde 90 lagun bildu ziren Ondarroan, 85 Santurtzin, 54 Laudion, 21 Altzan, 15 Zaldibian, 16 Otxarkoagan, 21 Ataunen eta 27 Zornotzan.

En casi todas las localidades vascas se ultiman estos días iniciativas como autobuses para acudir a la manifestación del sábado en Bilbo, convocada por Etxerat. En varios casos se han realizado comparecencias específicas para expresar su apoyo al manifiesto emitido por los familiares de los presos. Éste es el caso de Oiartzun, donde se reunieron los vecinos que se ven en la fotografía para anunciar que el sábado estarán en la capital vizcaina.

Bertsolariek Etxeraten manifestua babestu dute

Azken asteotan Etxeratek datorren larunbatean Bilbon euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatuko dituen manifestazioaren karietara kaleratutako manifestua gizarteko alor ezberdinetako pertsonen babesa jasotzen ari da. Hala, lehenago hainbat abokatuk, hezkuntza alorreko langilek, idazlek eta norbanakoek egin zuten bezala, oraingoan bertsolariak izan dira errepresaliatu politikoen senideak biltzen dituen elkarteak plazaratutako manifestuarekin bat egin dutenak.

Oso izen ezagunak daude sinatzaileen zerrendan: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Imanol Lazkano, Sustrai Colina, Jon Lopategi, Sebastian Lizaso, Iker Zubeldia, Nekane Zinkunegi, Xabier Silveira, Onintza Enbeita, Haritz Etxeberria, Jokin Uranga, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza, Eneritz Arzalluz, Unai Muñoa, Iñaki Gurrutxaga, Fredi Paia, Jon Enbeita, Igor Elortza, Arkaitz Estiballes eta Jon Maia.

Ohar baten bidez, bertsolariek, Etxeraten eskakizunekin bat eginez, «gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea, biziarteko zigorrekin amaitzea eta euskal presoen Euskal Herriratzea» aldarrikatu dute. «Beharrezkoa ikusten dugu aldarrikapen hauen inguruan indarrak biltzea. Zentzu horretan, larunbatean Bilbon izango den nazio manifestazioan izango garela adierazten dugu», gaineratu dute. GARA

Goar jimenez

Atzo Goar Jimenez Martuteneko kartzelan sartu zuten, 60 lagunen babesa zuela. Jimenezek lau hilabete bete zituen espetxean, eta orain, epaileak jarri dion urtebeteko zigorra bete beharko du. 300 herritarrek manifestazioa egin zuten iluntzean Ibarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo