Instalazioak eta «Performance»ak nagusi 2009ko erakusketetan
2009. urtearen atarian, Euskal Herriko museo eta erakustareto nagusienei begira jarri gara datozen hilabeteetarako prestatuta dituzten erakusketak ezagutzeko asmoz. Atzera begira ere bai, baina gehienek teknologia berrien eta artearen azken joeren aldeko apustua egiten dute.Ane ARRUTI
Bilboko Guggenheim da, dudarik gabe, mundu osoan zehar Euskal Herriko museorik ezagunena eta 2009. urtean, bera ere, kanpora begira jarriko da. Behin-behineko hiru erakusketatan, Japonia, Txina eta AEBetako hiru artista izango ditu protagonista. Lehena Takashi Murakami japoniarrari eskainitako atzera begirakoa izango da. Otsailaren erdialdetik aurrera izango da ikusgai 90 lan guztiz ezberdinez (pintura, eskultura, industri diseinua, animazioa eta moda) osatuta egongo den obra hau. Asiatik mugitu gabe, Beijingo Olinpiar Jokoen inaugurazio eta amaiera jaiak antolatu zituen Cao Guo Qiang txinatarraren bisita jasoko dugu martxoan. Artista hau bolborarekin egindako marrazki eta piroteknia-muntaiekin egin da ezagun mundu osoan. Bilbon bere berrogei lan ikus ahal izango ditugu, 80ko hamarkadatik hona egin dituenak. Behin behineko erakusketekin amaitzeko, udazkenean iritsiko da Frank Lloyd Wright arkitekto estatubatuarraren txanda. 2009an New Yorkeko Guggenheim museoaren 50. urteurrena izanik, omenaldia egin nahi diote modu honetara. Wright ezaguna da bere «arkitektura demokratikoak» bultzatzen duen «interakzio sozialagatik».
Txillidatik Aragoiraino
Bizkaiko hiriburuan jarraituz, egitarau zabala prestatu du Arte Ederren Museoak. Urtarrilean bertan hasiko da Eduardo Txillidaren «Haizearen Orrazia»ri buruzko erakusketa. «Eskultura, ingeniaritza eta arkitektura» izenarekin, Donostian kokatutako obra esanguratsuenetakoaren proiektuaren fasetik instalatu zenera arteko argazki eta planoak bilduko ditu. Martxoan iritsiko da «Novecentismoa eta lehenengo abangoardia» bilduma. Eugenio Carmona katedradunak aukeratutako 80 obra inguruk osatuko dute lan hau eta margolanak, eskulturak, kartelak eta argazkiak bilduko ditu.
Maiatzetik aurrera, margolari kataluniar ospetsuenetako baten lanak izango dira Bilbon. Joaquim Mir-en (1873-1940) antologiak bere ibilbideari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzea du helburu, hasierako naturalismotik bukaerako inpresionismotik eta abstrakziotik hurbil dagoen estilo pertsonaleraino. Piezarik ezagunenez gain, publikoarentzat ezezagunak diren lanak ere erakutsiko dira.
Ehun bat pintura, eskultura, marrazki eta urregintzako piezen bitartez, XV eta XVI. mendeen bitartean arteak Aragoin izan zuen bilakaera ezagutaraztea da «Errenazimentuaren gailurra Aragoin» erakusketaren helburua eta ekainetik aurrera izango da ikusgai. Uda ostean, Sevillaraino egingo du salto museoak Bartolome E. Murilloren (1617-1682) lanekin. Argi-kontrasteetan eta materiaren behaketarako joeran oinarritutako 50 obra inguruk osatuko dute «Murillo gaztea».
Bestalde, «Artearen Papera» programaren barruan beste bi monografiko ikusi ahal izango dira 2009an. Martxoan hasiko da «Cezannetik Legerrera» eta urte bukaeran «Goyaren grabatuak» obrak hartuko du lekukoa.
Urtarrilaren 16an inauguratuko da Gasteizko Artiumen Eduardo Sourrouille argazkilariaren «Villa Edur» erakusketa. Basauriarrak bere buruaren erretratua egin ohi du argazkietan, horretarako mota guztietako pertsonaia berezien gisara karakterizatuta. Otsailetik aurrera Pepo Salazar izango da protagonista. Artista arabarrak «The Loft» (Walk among us) izeneko filma grabatu berri du New Yorken. Bertan, joan den urtean zehar egindako hamabi performance-ren grabazioak bildu ditu. Bestalde, 1.300 argazkitik gora egin ditu eta horietako asko izango dira Gasteizen maiatzaren hasiera arte ikusgai izango ditugunak. Udaberri hasieratik abuztura arte, berriz, Antony Gormley-ek hartuko du Artiumeko erakusgela «Between you and me» lanarekin. 300 pieza inguruk osatutako instalazio ikusgarria prestatu du ibilbide luzeko artista ingeles honek.
KREA Gasteizko kultur etxeak jarraipena emango dio abendu honetan abiatutako komiki erakusketari. «Komiki/horma» deiturikoan, egunero bineta bat egingo du marrazkilari batek eta hurrengoak jarraituko du. Horrela, kateatutako istorioa lortuko dute. Hainbat egileren artean sortutako banda handi bat izango da azken emaitza. Komikiaren inguruko ikuspegi eta iritzi desberdinak ikusi ahal izango dira horrela. Erakusketa parte-hartzaile horretaz gain, urtero bezala hitzaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte eta «LunaKrea» programa ere jarriko dute martxan.
Joan den azarotik ditu Uharteko Arte Garaikidearen zentroak erakusketak abian. Otsailera arte iraungo dute horiek eta orduan jakingo dugu hortik aurrerako programa. Bitartean, bost artisten lanak topa ditzakegu Iruñerriko eta Nafarroako erakustareto garrantzitsuenean.
Lehenengo aretoan, «Miles» topatuko dugu, argazkia, bideoa eta performance-a erabiliz familia dinastiak, nortasunaren eraikuntza eta Korearen historia lantzen ditu , besteak beste, jatorri txinatarreko abizena duen Kyungwoo Chun artista korearrak. Bere deitura izango da, hain zuzen, erakusketa honen abiapuntua. Nafarroako zentroa izan da lan hau erakusten lehena. Chun-ek mila pertsonarekin ekintza berezi bat burutuko du gainera. Bakoitzak bere min pertsonalenak harri moduan zapi gorri batean biltzeko eskatuko die.
«I am making art» erakusketa kolektiboak artista ezberdinen gorputzari buruzko ikuspuntua erakusten du. Atzera begirako lana da, giza gorputza subjektu nahiz objektu modura erabili den bideo eta performance-ak biltzen dituena. Abendura arte lehenengo zatia egon da ikusgai, eta orain bigarrena dago martxan: «Nortasuna eta Transformazioa eta Feminismoa» deiturikoa. Artistek euren buruarekin eta gainontzekoekin dituzten erlazioak aztertzen dituzte maskara eta begiradekin jolastuz. Madeleine Millot-Durrenberger-en bildumako argazkiak ikusteko aukera paregabea da «Un mur, un trou, un visage». Emakume honek, urteen poderioz pilatzen joan den irudi ezberdinen artean konexioak bilatzen ditu, beldurra, gaixotasuna edo nahigabea transmititzen duten argazkietan. Garai eta estilo ezberdinetako obrak lotzen ditu.
Bideo-artea du ardatz Baionan Carré/Bonnat-en otsailaren 15era arte ikusgai egongo den elkarlanak. Europa osotik etorritako berrogei artista gaztek hauskortasunari buruzko ikuspuntua erakutsi dute ikus-entzunezko lanen bidez.
Donostiako Tabakaleran ere ildo beretik joango da udaberri aldera, Aste Santuaren aurretik ospatuko den nazioarteko erakusketa. Orain zehazteke badago ere, uda partean handiago bat antolatzeko asmoa dute. Honek ikusmina pizteko balioko du, beraz. Horrez gain, urtarrilean eta otsailean zehar, Biarritz eta Clermont Ferrand-en ospatzen diren jaialdietako aukeraketa bana ikusgai izango dira Gipuzkoako hiriburuan. FIPA Estatu frantseseko telebista jaialdi garrantzitsueneko lanak helduko dira lehenik eta Clermont Ferrand-ko film laburren jaialdiko atal esperimentala osorik ikusi ahal izango da otsailean.
Guggenheim Bilbao: Takashi Murakamiren erakusketa, otsailetik aurrera. Arte Ederren Museoa (Bilbo): Txillidaren «Haizearen Orrazia», urtarrilaren 13tik aurrera.
Artium (Gasteiz): Eduardo Sourrouilleren «Villa Edur», urtarrilaren 16tik aurrera.
Uharte: Otsailera arte, bost artisten lanak.
Carre Bonat (Baiona): Gazteen bideo lanak otsailera arte. Tabakalera (Donostia): Nazioarteko bideo-artearen inguruko erakusketa udaberrian. Lehenago, FIPA eta Clermont-Ferrandeko jaialdien testigantza.