GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Tourmalet segundo bakarrean jaistea

Gero eta beldur handiagoa ematen dit supermerkatura gerturatzeak. Badirudi kaxa atzean zain dagoen 90 kiloko atsoak irribarre zitalez hartzen nauela atea gurutzatzen dudan bakoitzean, eta zakurren antzera lerdea dariola hasten da, ordu laurdenera erosketa egiteagatik emango didan zartakoarekin gozatzen hasita. Dozena bat arrautza, jogurtak, galleta paketea, tomateak, patatak eta tipula sorta bat: 21 euro! Horra hor zartakoaren gozatu ederra! Burua jaitsi, poltsak hartu eta banoa etxera atsoaren begirada gupidagabeak lagunduta.

Telebista piztu eta ezin agortuzko hitza gora eta behera: krisia. Krisia, krisia eta krisia. Krisi ekonomikoa omen da gurean, eta poltsikoan dagoena ondo zaintzen ikasi behar omen dugu. Zalantza bakarra darabilt buruan larritasun horrekin itoarazi gintuztenetik: nola eragiten dio krisiak bakoitzari? Ez da gauza bera %2ko maldatxoan bastoiak lagunduta behera egitea, edo Tourmalet segundo bakarrean jaistea.

Gorabehera txoro horiekin bueltaka, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Kultura Sailaren aurrekontuen berri eman dute «Teleberri»n. Zifra ponpoxoak dira azpimarratu dituztenak, eta iaz baino laguntza gehiago emango omen dituzte 2009an. Hala, musikariei zuzendutako laguntzetan jarri ditut begiak. Ezin jakin-minari eutsi eta ezusteak ez nau jokoz kanpo harrapatu. 499.000 euro, hiru lurraldeetako musikari guztientzat. Euskal kulturan ere krisialdian ote gaude? Antza, batzuk bai behintzat. Non geratu dira Kepa Junkerari emandako 702.000 euroak? Erregeen oparia aurreratuko zitzaion, akaso.

Urte berriari ez diot gurari berezirik eskatu. Agian, inozo baten gisa jokatu dut, baina gero eta argiago daukat gaur egun eskean aritzea jarduera guztiz antzua dela. Miren Azkarateren leihatilara joatekotan izan naiz, baina musikari ilara luzea ikusi dut zain, bakoitzak bere zenbakia eskuan hartuta, bere txanda noiz egokituko esperoan. Txapela ere pasatzen du norbaitek tarteka, baina ezer gutxi jasotzen du. Buelta erdi eman eta banoa etxe azpiko supermerkatura, bertan dagoen atsoak beldurra ematen didan arren, frutarik goxoena gordetzen dit-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo