GARA > Idatzia > > Ekonomia

Le Pensec Nekazaritza ministro ohia, EHLGri sostengua eman dion azkena

GARA |

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) kontrako epaiketa urtarrilaren 29an eginen da. Data hurbiltzen ari dela-eta, erakundeari eta Mixel Berhokoirigoin presidenteari berari sostengua erakusteko adierazpenak eta ekimenak ugaritzen ari dira. 1997. eta 1998. urteetan Nekazaritza ministro izan zen Louis Le Pensecek, demokraziariaren alde eta Euskal Herriko Laborantza Ganberari egiten ari zaion jarraipen judizialaren kontra egindako eskakizun soziala sinatu du.

«Ez dezagun egiterat utz!» dioen deiaren helburua Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kontrako auzia gelditzea da, eta, horrez gain, iritzi publikoari ohartaraztea EHLG elkartea debekatuz elkartze eskubideari eraso larria egiten zaiola.

Louis Le Pensec eledun lanetan aritu zen Michel Rocard-en gobernu garaian, 1989ko otsailetik 1991ko maiatza bitartean.

Bestalde, LCRko Olivier Besancenot ere honela mintzatu da: «Espero dut Laborantza Ganberak bizirik jarraitzea eta nekazaritza alternatibo baten alde lan egitea posible izatea».

Aste honetan, informazioa eta sostengua emateko hainbat ekitaldi eginen dira. Bihar Hiriburun arratsaldeko zazpietan film baten proiekzioa eginen da La Perle aretoan. Ostiralean gaualdia izanen da Baionako Atalante aretoan arratseko zazpi eta erditan, eta Izuran zortzietan. Larunbatean Uztaritzen gaualdia egienen da Latsa gelan.

Egoera latza izanik ere, Euskal Herriko Laborantza Ganberak laugarren urteurrena ospatuko du urtarrilaren 17an Ainhize Monjolosen. Goizeko hamarretan eginen da biltzar nagusia eta eguerdiko ordu batetik aurrera herri bazkaria izanen da.

Arratsalde osorako besta antolatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo