Xanpaina eta sushia Berlingo Astor Lounge aretoan, zinearen krisialdiari aurre egiteko
Zinema-aretoen krisialdiari aurre egiteko irudimena dantzan jarri dute Berlingo Astor Lounge aretoan, hamar euroren truke zinemaren magiaz eta luxuaz gozatzeko aukera ematen baitute.
GARA | BERLIN
Turista klasean bidaiatu beharrean business klasean bidaiatzea. Horren parekoa da Berlingo Astor Loungue aretoak egiten duen eskaintza, baina, hori bai, askoz merkeago: 10 euro, hiriko edozein areto komertzialean film bat ikusteko 7 euro ordaindu behar direnean. Zabaldu berri den Astor Lounge aretoa Ku'Damm etorbidean dago, Berlingo ekialdean. Filmapalast izena zuen orain arte, eta harresia zutik zegoen garaian bizitasun handia zuen arren, azken hamarkadetan krisi latza jasan du.
Sarreraren truke filma ikusi, noski, larruzko butaka erosoan etzateko aukera eta ongi etorriko edaria (Alemaniako xanpaina edo alkoholik gabeko koktela) eskaintzen dute. Hortik aurrera, gauzak garestitu egiten dira. Zinemara goseak joanez gero, «minimenu»a aukera dezakezu (15 eurotan) edo xanpain frantsesarekin bustitako 120-200 euro bitartean eskaintzen dituzten menuak (Cinecitta edo Babelsberg izenekoak, adibidez, lehenak bieira eta aingira du; bigarrenak, txerri xerra eta sushia). «Guk kafea eta pastel zati bat hartuta nahikoa dugu», Antje Struberen esanetan. Gabonetan Cottbusen bizi den jubilatu hau semearekin arratsalde pasa doa «luxu pixka batekin gozatu ahal izateko».
Ku'Damm-en, Charlottenburg auzo burgesean, Cartier eta Channel beste hainbat luxuzko denda daude, hipermerkartu erraldoiekin batera. Astoreko bezeroak ere mota guztietakoak dira, nola bikoteak hala adineko ama-semeak daude, baita Berlingo gay eta lesbiana taldeen ordezkari alai asko ere. «Gure eskaintza mota guztietako bezeroei zuzenduta dago», Hans-Joachin Flebbe aretoko jabearen esanetan. Filma hasi aurretik, ordu erdi inguruan eta iragarkien tartean, edariak, goxokiak eta mota guztietako menuen txanda da. Gero, argia itzaltzen denean, zinema da jaun eta jabe. Estreinaldirako aukeratutako filma ezin egokiagoa da, «Australia» film epikoa hain zuzen. Kitch ukitua nabariagoa da gainera, aretoaren oinarrizko itxura dotorea mantendu baitute.