GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Xabier Arana Eiguren Euskaltzalea

Izan

Euskaldun izan nahi dut, nire haurtzaroko egitura sinbolikoak hizkuntza horretan zizelkatuta eta zintzilikatuta daudelako. Eskubide naturala baita, legala ez bada ere, euskal esparru geografiko osoan

Euskal herritar izateaz arituko naiz hurrengo lerroetan, eta euskal hiztuna izateaz hain zuzen ere. Horregatik, ez dut ipini izenburuan ser, être edota to be. Izan, izan nahi dut gure lurraldean. Aurretik doa, eleaniztasunaren aldekoa naizela, diot, irakurlearen aurreiritziak uxatzeko edo. Baina lehenik eta behin nire erroetan oinarritzearen beharrizana sentitzen dut; nire izatean, nire nortasunean. Eta Euskal Herrian ez da batere erraza jatorrizko sustrai-sailean zutik mantentzea. Zergatik? Egoera aldekoenean ere bigarren mailako herritarrak garelako.

Goazen harira: Euskararen Legeak 25 urte bete ditu Euskadiko Erkidegoan. Hala ere, oraindik ez dugu euskaraz bizitzerik. Gutxienekoak ez dira bete: Administrazioko leihatiletan, jendearentzako arreta gunean, «mesedez, erdaraz» esaten dizute sarri. Osagile ugari da ume eta adineko euskaldunei ulertzeko gai ez dena. Poliziek autoaren agiriak eskatzen dituztenean, gutxienez bikoteko batek euskaraz jakin beharko luke. Oposizioak egiten dituzunean euskalduna, eta alfabetatua, zarela frogatu behar duzu, jakina. Azterketetan, ordea, sekula ez dizute eskatuko gaztelaniaz dakizula frogatzeko ziurtagiririk, are gutxiago alfabetatua zarela egiaztatzen duenik: azterketako inkesta-laukietan gurutzea egin eta kito. Euskaldunak ez, hori betetzeaz gain, eskatutako mailako euskara menperatzen duela ere frogatu beharko du. Orain, hel diezaiogun muinari: kargu publikoek, gure ordezkariek, hizkuntza ofizialak ezagutzen al dituzten luze hitz egin genezake. Nor ordezkatzen du bere hautesleetako askori ulertzeko gai ez denak?

Nafarroako koadroa are okerragoa da, euskal hiztuna izatearen egoera eskizofrenikoa ofizialduta baitago. Mugaren zein marratan eta aldetan zauden jakin behar duzu, zure gutxieneko eskubideak zeintzuk diren aldarrikatzeko. Eta mingarriena hauxe da, beste hizkuntzek ez dutela «marra sustatzailerik». Esan nahi da: alde «ez-vascofonoan» bazaude, laguntzarik ez da izaten, edo urria, euskaraz irakatsi ahal izateko eskolan, baina heziketa alemaneraz edo tartaroz eman nahi izanez gero, diru-laguntzak jasoko dituzu aurreiritzirik gabe. Berriro, aurreiritziak eta berdintasun eza.

Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara begiratuta, negar malkoek errealitatea ere desitxuratu egiten dizu. Eskuara ez da ofiziala. Praktikan, Administrazioaren agendan eta asmoetan, ia ez da existitzen. Arbasoen lagin arkeologiko ziztrina baino ez da. Eskuara, Estatu frantsesean dauden gainontzeko hizkuntza gutxituak bezala, museotako bitxikeria da, alegia, turismo folklorikoa sustatzeko ukitu erregionala. Eta deserosoa, antza, ez baita ulertzen Parisen UNESCOren egoitza nagusia egotea eta, ostera, estatu horrek eutanasia kultural pasiboa erabiltzea bere lurraldeko kultura eta hizkuntza gutxituen eta ahulen aurrean. Horrela daude gauzak: Izan nahi duenak malda gogorra du, eta euskal hiztunak, gizarteak sorturiko euskarri tinko horiekin ere, aldapan behera doaz, amildegira.

Izan nahi dugu, euskaraz bizi. Euskaraz aritu nahi dut, edota katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz... baina lehenengo nire sustrai sakonetako hizkuntza, barrukoa, bermatuz, gozatuz, laztanduz. Euskaldun izan nahi dut, nire haurtzaroko egitura sinbolikoak hizkuntza horretan zizelkatuta eta zintzilikatuta daudelako. Eskubide naturala baita, legala ez bada ere, euskal esparru geografiko osoan. Eta zer demontre, nire nahia delako, beste barik. Arlo horretan, entzun ohi dugu euskara inposatzen ari dela. Horren aurrean euskaldunok, gainera, erruduntasun sentimenduari aurre egin behar diogu, euskal errealitatearen anormaltasun patologiko honetan. Okerrenera epaitua izango zara -epaitegietan ere bai- hizkuntza ofizialean, euskaraz, aritu nahi izateagatik. Gauzak horrela, euskaraz bizi nahi dugunoi, nork bere erara, denbora izoztuta dagoela iruditzen zaigu. Eta, are okerrago, glaziazioa edozein unetan etor liteke. Horregatik, Euskal Herrian euskaraz bizitzea ezinezkoa den bitartean ez gara eroso sentituko. Eta ardura duenari horixe jakinaraziko diogu: Izan nahi dugula, izena eta izaera dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo