Superliga
Athleticek gertuago ditu orain sailkapeneko lehen hiru sailkatuak
ATHLETIC 9
TORREJON 3
Jon LEUNDA | BARAKALDO
Garrantzi handiko garaipena erdietsi zuen atzo Athleticek, eta emaitza horri esker, lehen hiru postuetara gerturatu da. Atzokoan ez zuen aurkaririk izan, Madrilgo taldeak mailako kaskarrenetakoa dela argi eta garbi utzi baitzuen.
Hasieratik ikusi zen bi taldeen artean alde handia dagoela. Juaristik zuzentzen dituen neskak 25. minuturako 4-0 ziren aurretik markagailuan, eta ordurako norgehiagoka erabat erabakita zegoen, Torrejonekoek ez baitzuten inongo arriskurik eta minik sortzen. Hortik aurrera ere gauzak erraz joan ziren, nahi bezala kontrolatu baitzuen partida talde bizkaitarrak, eta, amaieran, futbolekoa baino, areto futboleko emaitza zirudiena lortu ahal izan zuten.
Garaipenaz gain, atzokoak beste berri on bat ere izan zuen, izan ere, lehen aldiz aritu baitzen Athleticekin Nerea Perez, eta bi gol sartu zituen. Berri txarra, berriz, Ainhoa Tirapurena. Atezainak atzo ezin izan zuen jokatu. Itxura denez, belaunean lesio larria du.