Binakako Txapelketa
Partida erabat orekatua, lehen jardunaldia amaitzeko
Bi bikoek atzoko lehian joko bikaina erakutsi arren, azkenean urdinek lortu zuten beren lehen puntua.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Kaleko giro hotzari ihes egin nahian, Eibarko Astelena pilotalekura gerturatu ziren ikusle guztiek norgehiagoka eder eta korapilatsua ikusi ahal izan zuten atzoko jardunaldian. Binakako Txapelketako egungo txapeldunek, Olaizola II.ak eta Mendizabal II.ak osatutako bikoteak, aurreneko puntua lortu zuen Titin III.a eta Pascualen aurka, lehen jardunaldiko azken partidan.
Arratsaldea oso ondo hasi zen urdinentzat, 0-9ko partziala lortuz. Aimarrek bere ohiko joko erasokorra erakutsi zuen partidako lehen zatian, eta Oierrek bikain eutsi zien atzean aurkarien erasoei. Kasu honetan, gainera, gipuzkoarra nafarraren bizkartzain itzela bihurtu zen gorrien erasoei aurre eginez.
Baina aurrelarien lana ez da soilik tantoak egiten saiatzea. Askotan ondo defendatu beharra dago, ondoren eraso bortitza egiteko. Horren erakusgarri izan zen markagailuko 4-10 tantoa, partidako onena dudarik gabe. Goizuetarrak Titinen bi pilota zail eraman ondoren, hirugarrenean txokotik zabalera bidali zuen errioxarraren marrua aurpegian nabaritzen zelarik.
Pilota mundu honetan kontuan hartu beharreko beste faktore garrantzitsua materiala da. Izan ere, hasiera batean urdinentzat partida erraza zirudiena, korapilatzen hasi zen pilota aldatu zutenean. Hasierako jokoa, alaia eta indar handikoa bazen ere, gorrien pilota astunak desitxuratu egin zuen urdinen jokoa.
Hainbat ezkerkada zabalean eta beste zenbait pilotakada atzean eman ondoren, gorrien erreakzioa iritsi zen Titinen ohiko tantoei eta Pascualen lan onari esker.
Aimarren sorbalda
Une horretan bertan iraganeko mamuak itzuli zitzaizkion Aimarri. Duela hilabete batzuk eskuineko sorbaldan izandako minak nabaritu zituen berriro ere atzokoan goizuetarrak.
Nafarrak adierazi zuenez, kizkurgune handia nabaritu zuen. «Besoa kargatuta nuen eta partidatik atera naiz», adierazi zuen Olaizola II.ak norgehiagoka amaitzean.
Baina partida aurrera zihoan. Mendizabalek pilota galdu ostean, 20-21 ageri zen Astelenako markagailuan. Nekeak protagonismoa hartu zuen, eta oraindik ere ikuskizuna emateko prest zeuden lau pilotariak. Horrela, emaitza horretara iritsita, 21na zeudela eta partida ikaragarria ikusi ostean, edonork sinatuko luke berdinketa, baina kirol honetan hitz horrek ez du lekurik azken emaitzan eta Titinen ausardiak ez zion zorterik ekarri, txapan jo baitzuen airez botatako pilotak, eta, hala, urdinei txapelketako lehen puntua eman zien.