GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mauleko Champo lanbide-heziketako lizeoan itxialdia egin dute irakasleek

Mauleko Jean Pierre Champo lanbide-heziketako ikastetxea okupatu zuten bertako irakasleek atzo, arratsaldeko seietatik gaur goizeko zortziak arte. Lizeoa barnetegia izanik, irakasleek, eskola-orduak galarazi nahi ez zituztenez, itxialdia gauez egitea erabaki zuten. Zentroko arduradunak egoera horretan ezin zuela ikasleen segurtasuna bermatu jakinarazi zien gurasoei eta ikasle gehienak etxera joan ziren lotara.

p015_f01.jpg

Idoia ERASO |

«Lanbide heziketak hiru urte barru jasango dituen aldaketekin ados ez gaudela salatzeko okupatu dugu lizeoa», adierazi zuen Mauleko Jean Pierre Champo lizeoko arte aplikatuetako irakasle Henry Gairinek. Gobernuak Hezkuntza Nazionalean egin dituen aldaketek lanbide-heziketako bigarren mailari ere eragingo diote. Egoera horrek ekarriko dituen arazoei aurrea hartzeko protesta egitea erabaki dute lizeoko irakasleen hiru laurdenak.

Zentroko arduradunak, protestaldia zela medio, ikasleen segurtasuna ezin zuela bermatu jakinarazi zien gurasoei. Ondorioz, bart ikasleen gehiengoa etxera itzuli zen. Mauletik urrun bizi diren hamar bat ikasle besterik ez ziren gelditu atzo Champo lizeoaren egoitzan.

«Irakasleok itxialdia egitea erabaki dugu. Baina ikasleei ez genien eskola orduak galarazi nahi, horregatik itxialdia gauez egitea erabaki dugu. Jakin behar da lizeoak barnetegia duela eta ikasleen %80k bertan lo egiten dutela», azaldu zuen irakasleak. Zentroko zuzendari Mogan andereak jakinarazi zuen protestaren xedea ulertzen zuela, baina ez zegoela ados erabilitako bidearekin.

Protesta honen bidez, lizeo profesionaleko irakasleek Hezkuntza Nazionaleko errektoretzari helarazitako kezka eta galderak entzutea dute helburu. «Errektoretzatik ez dugu erantzunik jaso», salatu zuen Henry Gairinek. Bestalde, protestaldi honek emaitzarik ez badu, ekintza gehiago egingo dituztela jakinarazi zuen irakasleak; nahiz eta oraindik ez duten erabaki zein bide erabiliko dituzten.

Lizeoak 250 ikasle eta 30 irakasle ditu gaur egun, baina hiru urtetan abian jarriko diren moldaketekin ikasleen kopuruak 180ra egingo luke behera.

Aldaketa horiek hiru puntutan sailkatu zituen Thomas Gairinek. Alde batetik, ikasleen heziketa maila «eskasagoa» izango dela salatu zuen. Bestetik, irakasleen eta langileen lan orduak murriztuko direla esan zuen. Azkenik, ikasleen berezitasunak ez direla kontuan hartuko nabarmendu zuen: «Erreformarekin zailtasunak dituzten ikasleek ez dute aukerarik izango beraiei egokitutako ikasketa orduak izateko».

Gurasoen sostengua

«Oporren aurretik ikasleen gurasoei gure asmoen berri eman genien gutun baten bitartez. Aurkako jarrera azaldu duen bakarra zentroko arduraduna izan da, ikasleen segurtasuna ezin duela bermatu esanez» nabarmendu zuen Mauleko ikastetxeko irakasleak.

Gairinek ere jakinarazi zuen kontrakoak baino aldeko iritziak helarazi dizkietela, «Guraso askok gure ekimenari babesa erakutsi dio». Idatziz hamabost gurasoren sostengua jaso dute.

Guraso batzuek haserrea erakutsi zuten barnetegiaren itxiera zela-eta. «Guk ez genuen eskolan inolako arazorik sortu nahi, horregatik egin dugu gauez, ez genuen espero zentroko arduradunak horrelako oztopoa jarriko zuenik, gure protesta guztiz baketsua baita».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo