Argi dago zientzia ez dela etikaren zain egongo
Bertrand Russell pentsalari britainiarrak, zientziak eta teknologiak iragan mendean izan zuten aurrerapen itzela gogoan hartuta, etikak garai berean apenas inolako garapenik izan ez zuelako kezka azaldu zuen. Ondorioz, bataren eta bestearen arteko garapenean emandako desorekak epe erdira gizateriarentzat arazoak sor zitzakeela baieztatu zuen. Energiaren eta bonba atomikoaren sorreraren testuinguruan egindako gogoetak dira, baina gaurkotasun handiko kezkak dira, edonondik aztertuta ere.
Gaur GARAk aztertzen duen roboten garapenari buruzko erreportajeak antzeko gogoeta eragin dezake. Aurrerapen teknologikoek herritarren bizitza «erraztu» dezakete, zentzu jakin batean betiere, baina garapen horiek etika alorreko aurrerapenez lagunduta etortzen ez badira, ondorioak ez dira izango hasiera batean uste bezain positiboak. Historian zehar horrela gertatu da, eta ez dago aurrerantzean ere horrela izango ez dela adierazten duen zantzurik.
Zientziak eta teknologiak egun industria militarrarekiko duten dependentzia da horrelako epaiak emateko arrazoi nagusia. Azken mendeko aurrerapen teknologiko gehienek industria hori izan dute iturburu. Gainera, aurrerapen horien ebaluazioa egiterakoan, balioen arteko talka agerian geratzen da. Segurtasuna eta askatasuna kontrajartzen dituen talka, adibidez.