GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Etxerat-en bertso saioa

Errima bidez euskal presoak euren senideengana arrimatu nahian

Etsipena hiztegitik ezabatu eta elkartasuna ozen aldarrikatu zuten atzo Oiartzunen Etxeraten urteroko bertso hitzorduan, hormak eta sarrailak zeharkatu zituzten zortzi bertsolariren bertso goxoek, baita Elorsoron bildutako herritarren txaloek ere.

p012_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE

Garazi Alegria gazteak, Xabier Alegria preso politikoaren alabak, agurtu zuen Elorsoro kiroldegian bildutako jende andana, une oro «gure ondoan, senideon ondoan, egotea» eskertu ondoren. Madrilen zein Parisen diseinatutako espetxe politikak euskal preso politikoak «suntsitzea helburu» duela argi du Alegriak, baina bi estatuek euren xedea beteko ez duten uste osoa du; «Ez ditugu bakarrik utziko. Hori da senideok hartu dugun ardura eta hori da Euskal Herriak hartu duen konpromisoa», adierazi zuen ozenki Lezoko gazteak.

Aurkezpen handiegirik behar ez duten zortzi bertsolari igo ziren oholtza gainera, urtero Etxerat-ek Oiartzunen antolatzen duen «bertso-patiora» hurbiltzen diren ehunka lagunen txalo artean. Hurrenez hurren, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Ander Lizarralde, Xabier Paya, Jon Maia, Andoni Egaña eta Xabier Silveira hasi ziren bertsotan, eta agurrak hastearekin batera sortu ziren lehen irribarreak, saio osoan iraungo zutenak.

Lujanbiok gogoan izan zituen Ertzainak taldearen 564 taupadak, egun «une oro hazten ari den zerrenda» dela erranez. Paya bizkaitar gaztea izan zen ordea, lehen irriak eragin zituena bere lehen bertsoarekin: «Euskal Herriak badaramatza bi mila eta zortzi urte/ pasatuz mila gerra, gatazka, kazkabar eta elurte/ gaur loteria tokatu zaigu, Laudion nahiz asko ez uste/ baina Extremeño elkarte batek, osorik kendu digute/ Euskal Herriko onena beti urrun eramaten dute».

Horixe izan zen Unai Elizasu gai jartzaileak jarritako lehen gaia: loteria. Eta hortxe aritu ziren, Egaña, Silveira eta Arzallus irabazitako diru mordoa Realaren zuzendaritzari, Irungo Ogasunari eta Kepa Junkerari barra-barra banatzen.

Etxerat elkartearen ikurra zuen pankarta erraldoiaren magalean aritu ziren ondoren, Paya eta Lujanbio, hiztegietatik hitzak ezabatu eta esanahi berriak sortuz. `Etsipena', `mina', `Euzkadi', `kartzela' eta `istripu' izan ziren bizkaitarraren hiztegian lekurik aurkitu ez zutenak. Urrunago joan zen Lujanbio `demokrazia' eta `justizia' hitza ere aldatu zituen-eta; Payak ordea, justizia bere horretan utzi zuen, baina «iruzurraren sinonimotik aldenduz».

King Boxingeko Euskal Herriko eta Espainiako selekzioetako galtza motz gisa ere aritu ziren bertsotan Maya eta Lizarralde, baina barre algarak Lujanbiok eragin zituen ondoren. Saioko neska bakarra izateak konpromiso handiko egoeran jarri zuen, eta vis a vis-ak gainontzeko zazpietako zeinekin egingo zituen hautatzea egokitu zitzaion. Silveirak bisita osoa bere eskuei begira igaroko zuela, eta Egañak bertso kontuan «al día» jarri bai, baina hitz egiteko betarik utziko ez ziola esanez euren gonbita errefusatu zuen. Mayaren poeta gisako berba jarioa ere ez omen du gustuko Lujanbiok, eta Payarekin ez du konfiantza handiegirik, horren leku txikian klaustrofobia sartuko ote zaion beldurrez. Amets Arzallusek erakutsi zuen bisean biseko bisitetara joateko prestutasunik handiena, gainontzeko guztien berri eman baitzion preso zegoen Lujanbiori.

Negar malkoak begi ertzeraino aterarazi zituen Egañak, preso paperean espetxean alaba izatea erabaki eta hari Haizea izena jarri izanaren zergatiak azaldu zituenean, haren hitzetan, «haizea baita preso hartu ez daitekeen gauza bakarra».

Euskal preso politikoen senideak asteburuero espetxeetara eramaten dituen Mirentxin elkarteko gidariaren paperean ere aritu ziren bertsotan errepresaliatu politikoen familiek bizi duten krisi partikularraz. Palestinak egunotan bizi duen sarraskia ere gogoan izan zuten Arzallusek eta Elortzak; eta Silveirak bi abokaturen papera bete behar izan zuen oholtza gainean; bata, bere defentsan eta bigarrena bera bezalakoak defenditzeari uko egiten dion horietako baten azalean. Barre ugari eragin zuen lesakarrak bai bata zein bestea antzarrak ferratzera bidali zituenean.

Puntuka erretiratuz

Lan nekeza jarri zien ondoren Elizasuk, puntuka aritzeko, errima hitza bost silaba baino gehiagokoa izan zedin eskatu zuenean; «hipersuperideala» hitza ere asmatu zuen Payak, eta eraman gutxikoak direla erakutsi zuten bertsolariek bata bestearen atzetik erretiratu zirenean.

Mikel Laboa ere presente izan zen euskal preso politikoen aldeko urteroko zitan. Hari egin zioten kanta Elortzak, Lujanbiok eta Arzallusek, eta Laboaren ``Herria eta Hizkuntza'' abestiak bertsorako doinua eman zien, bertsozaleen gozamenerako.

Nabaria zen Lizarralde etxean aritu zela, haren izena esan bezain pronto oiartzuarren txalo zaparrada itzela izan baitzen. Haren oiartzuartasuna nabariagoa izan zen ordea, «Oiartzun Euskal Herriko bihotz berdea» dela defenditu zuenean; alta, agurrarekin bereganatu zituen herrikideak. «Gazte eta aske! Irabazi arte!» zioen pankartari so, egin zuen kantu, joan den uztailean Oiartzundik gatibu eraman zituzten gazteak gogoan zituela. Haientzat eta gainontzeko preso politikoentzat izan ziren atzo gogoz emandako txaloak.

 

«mal ejemplo»

Xabier Arzalluz se refirió al nombramiento de Imaz en Petronor como un hecho «sorprendente» dada su falta de experiencia empresarial y como un «mal ejemplo para la juventud vasca».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo