Aitor Irigoien Odriozola Getaria
Animalia baino animaliago
Txikitatik irakasten zaigu gizakiok ez garela animalien pareko. Ez omen gara animaliak edota izanez gero, ez gainontzekoen gisakoak. Beste animalietako inork ez duen ezaugarri batek berezi egiten gaitu: arrazoimenak, hots, arrazoitzeko ahalmenak. Honek azal dezake, beharbada, gainerako animalia zein izaki bizidunen gainetik gaudelako sinesmena hain barneratua izatea oro har gizakiok. Ez gara besteekin batera, berdintasunean, Lurra deitzen diogun honen partaide soil. Are gehiago, bertako nagusi, jabetzat dugu gure burua. Aipatu arrazoitzeko gaitasunak ematen digu zuzenean honetarako eskubidea. Eta, horrenbestez, baita animalia, izaki edo natur baliabideak gure beharren arabera erabiltzekoa ere.
Ikaraz irakurri berri dut Balkanetako Gerraren inguruko erreportaje bat. Bertan, 1992tik aurrera gertatu zen garbiketa etnikoaren baitan, Serbiak Bosnia-Herzegovinako herritar musulmanei jasanarazitako sarraski, tortura eta umiliazioak deskribatzen ditu biktima izandako emakume batek: fusilamenduak, bahiketa nahiz desagerketak, milaka haurrei egindako gehiegikeriak, familia bateko semea bere ama bortxatzera eta aita alaba bortxatzera behartzea, egin ezean denak hiltzeko mehatxupean... Dardarka amaitu dut. Jarraian Espainiako Gerra Zibilaz eta ondorenaz oroitu naiz, nazismoak juduekin buruturikoaz, juduek beraiek palestinarrei egiten dieten guztiaz, Vietnamgo Gerrako irudiez, Hego Amerikako herrialdeek urte luzez pairatu dituzten diktadura ankerrez, Hego Afrikako apartheidaz, Afganistan eta Irakeko inbasioaz, egunero herrialde azpigaratuetan ustiatzen eta ondoren hiltzen uzten ditugun milioika errugabeez... Non dago arrazoimena? Zerk bultza dezake gizakia halako zerbaitetara?
Arrazoitzeko gai izateak ez du esan nahi gure jarrera arrazoizkoa denik, ezta beti arrazoia dugunik. Animaliek, animaliak hiltzen dituzte, bizirauteko helburu bakarrarekin. Gizakiek gizakiak hiltzen dituzte, baina xede gisa biziraupena eduki gabe... Posible da animaliak gizakia baino gizakiagoak izatea eta gizakiak aldiz animaliak baino animaliagoak. Urte luzeetako ekintza, praktikekin, teoria denak zalantzan jarri eta hipotesi oro iraultzen ari gara. Ikusteko dago noiz utziko diogun irrazionaltasuna omentzeari. Handinahikeriak eta botere-indar goseak bahituta dute arrazoia. Denbora aurrera doa. Gizakiak betikoan dirau. Animalia baino animaliago.