«Sweeney Todd» musikala ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian gaurtik larunbatera bitarte
Mario Gas Bilboko Arriaga Antzokian izango da, gaurtik larunbatera bitarte, 35 artisten gidaritza hartuta «Sweeney Todd» musikala zuzentzen. Gainera obra hori ONCEren sistema berria estreinatzeko baliatuko dute.
GARA | BILBO
«Sweeney Todd, Flet kaleko deabru bizargina» thriller musikala 1979an estreinatu zen lehenengoz New Yorkeko Brodwayn eta, 30 urte geroago, Bilboko Arriaga Antzokian antzeztuko da gaurtik larunbatera bitarte. Mario Gas izango da eszena zuzendaria eta Manuel Gasek gidatuko ditu musika lanak. Joan Crosasek eta Vicky Peñal izango dira Sweeney Todd eta Mrs. Louvett-en pertsonaia nagusiak, hurrenez hurren, baina guztira 35 artistek osatutako obra izango da Arriagan arratsaldeko 20.00etan ikusi ahal izango dena. Antzezlanean parte hartzen duten aktoreez gain, hiru soprano, hiru kontralto, hiru tenore eta hiru baritono baxu ere izango dira, hamabi musikarik osatutako orkestrarekin batera.
Musikal honekin, gainera, ONCErekin sinatutako hitzarmena estreinatuko da; hau da, itsuentzat egokitutako funtzioak dituen lehen euskal antzoki bilakatuko da Arriaga. Ikusteko zailtasuna duten pertsonek ikuskizunaz guztiz gozatzeko aukera izango dute ostiralean AUDESC audiodeskribapen sistemari esker.
Kondaira batean oinarritua
Oraindik egiaztatzeko badago ere, eta iturri fidagarririk izan ez arren, «Sweeney Todd» musikala kondaira ezagun batean oinarritzen dela uste da. Ekintza XIX. mendeko Londresen kokatzen da: Sweeney Todd, epaile batek bidegabeki erbestean espetxeratutako bizargina etxera itzuliko da nortasun berriarekin eta mendeku hartuko du. Etxean Louvett andrea aurkituko du, eta gozogile amoral horrekin berregingo du bizitza. Berriro bizargin moduan lan eginez gizasemeak hilko ditu eta Louvett andreak pastel makabroak egingo ditu biktimen haragiarekin.
«Sweedney Todd» lana mundu osoko agertokietan antzeztu da eta, ezbairik gabe, musikal jantzi bihurtu da, Harold Princesen zuzendaritzapean Broadwayn estreinatu zen unetik aurrera.